David De Miguel Berrobiko alkatea, berriro aurkeztuko da

Ataria 2023ko martxoaren 28a

David De Miguel PSE-EEko alkategaia izango da Berrobin, maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Egungo alkatearen esanetan, «umiltasunez, ilusioz eta Berrobiko herritarren eskariak errealitate bilakatzen jarraitzeko gogotsu» dago.

De Miguelen esanetan, urte hauek «gogorrak eta bortitzak izan dira, Covid-19aren pandemiaren eta inflazioaren eragin ekonomikoen eta Ukrainako gerraren ondorioz, eta agintaldia erabat baldintzatu dute». Baina, «hainbeste une zail izan badira ere, bidean izan ditugun kide sozialisten taldeari esker, kudeaketa errazagoa izan da», gaineratu du egungo alkateak. Hori dela eta, eskerrak eman dizkie eginiko «lanagatik, eskuzabaltasunagatik, erantzukizunagatik eta konpromisoagatik».

Ondorengo lau urteetan alkatetzan lanean jarraitu nahi duela adierazi du David De Miguelek, «horretarako, gehiengo zabala eta nahikoa» behar dutela gaineratu du. Ziur dago azken lau urteotan «aldaketa handia eta beharrezkoa» izan duela Berrobik, «udalerriarekin konprometituta dagoen gobernu-taldearekin». Hala ere, oraindik bide luzea dagoela egiteko esan du; izan ere, «erronka asko daude betetzeko», eta, horretarako, «proiektu eta ideia berriak» sustatu behar dira.

Bere hauteskunde-programan hirigintza-arauak garatzeko sustapena nabarmentzen da, emantzipatzen diren eta Berrobin bizi nahi duten gazteek hala egiteko aukera izateko bide emango duten etxebizitza berriak bultzatzeko. Gainera, esan duenez, Berrobiko kultura-bizitza sustatzeko lanean jarraitu nahi du, «hura baita herri eta erkidego egiteko modu bat; horretarako, jarduera-eskaintza zabala eskaini behar dela esan du, hala nola kontzertuak, antzezlanak edo erakusketak». Izan ere, De Miguelek aldarrikatu duenez, «gure ustez Berrobi bezalako herrietan ere hirietan bezala kulturara jotzeko eskubidea dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!