Easo Gazte Abesbatzaren kontzertua, Berrobi Kantuz zikloaren barruan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 3a, 12:11

Igande honetan, otsailak 5, zikloko bigarren kontzertua izango da San Andres Apostoluaren elizan, 19:30ean hasita.

Berrobi Kantuz I. Abesbatza Zikloko bigarren kontzertua izango da. Easo Gazte Abesbatzak Hitza eta Ahotsa errezitaldia eskainiko du, eta Easo Abesbatzako zuzendari artistiko Gorka Mirandak zuzenduko du, Sofia Chacon pianoan lagun duela.

Ekitaldi berezi honetarako, Easo Gazte abesbatzak poesia oinarri duen programa aurkeztuko du. Lehenengo suite-a, Mamu kantak, Euskadiko Orkestrak beste hiru orkestra britainiarrekin batera Gary Carpenter (1951) konpositore ingelesari egindako enkargua da. Marion Angus, Robert Louis Stevenson eta eskoziako ahozko tradizioaren testuak baliatuz, loaldia eta esnaldia, argi eta itzalak, lanbroa eta izaki zehaztugabeak biltzen dituen giroan sartuko dira entzuleak.

Ondoren, Witold Lutosławskiren (1913-1994) Three Children’s Songs abestiek folklore poloniarraren erroetara eramango ditu entzuleak, hain zuzen ere, abangaordiaren konpositore garrantzitsuenetarikoaren eskutik.

Azkenik, Bob Chilcotten (1955) obrak Federico Garcia Lorcaren unibertso samurra gerturatuko die modu finean. Cuatro baladas amarillas olerkiak, 1922an idatzita daudenak, Manuel de Fallarekin izan zuen lehen topaketaren ondoren, urrezko zelaia eta uztak markatutako paisaia marrazten dute.

Berrobi Kantuz I. Abesbatza Zikloko hurrengo kontzertuen datak honako hauek izango dira:

  • Larunbata, otsailak 11, 19:30ean, Eskifaia Abesbatzak, Gorka Aierberen gidaritzapean, Hondarribiko abesbatzak bidaia musikala egingo du munduan zehar, "Kantu eta kontu" izeneko kontzertuan. Bertan, espiritual beltzak, boleroak, Baltikoko folklorea eta euskal kantak entzun ahal izango dira.
  • Larunbata, martxoak 18, 19: 30ean, Oñatiko Ganbara Abesbatzaren eta Aequus Ensembleren musika proposamen berria entzun ahal izango da. Inspiratio da, eta musika koralaren konpositore eta sortzaile handiak ezagutzera gonbidatzen gaituzte, hala nola T. L de Victoria, J. Brahms edo F. Mendelssohn, baita J. Runestad, A. Cadario eta E. Whitacre ere.

Berrobiko alkate David de Miguelek joan den abenduan egindako prentsaurrekoan adierazi zuenez, Berrobi Kantuz lehen zikloko zuzendari eta Easo Abesbatzako zuzendari artistiko Gorka Miranda eta Aritz Alkain Kultura zinegotziarekin batera, lehenengo ziklo honen helburua abesbatzen kultura musikala Berrobira eta Tolosaldera hurbiltzea da, eta lau kontzertuek euskal koru tradizioaren askotariko erakusketa eskainiko diete herriko bizilagunei. Beraz, horietako bakoitzean parte hartzera animatzen gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!