Lau emanaldi antolatu dituzte Berrobiko elizan

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 14a, 15:59

Lehen aldiz abesbatza musikako ziklo bat izango da herrian. Berrobi Kantuz jarri diote izena eta abenduaren 22an hasiko da. Otsailean bi emanaldi gehiago izango dira, eta azkena, martxoaren 18an.

Gontzal Mendibil hurrengo ostegunean Berrobiko elizan izango da, Easo abesbatza lagun duela. Bere azken diskoa aurkeztuko du 19:30ean hasiko den kontzertuan. Ez da emanaldi solte bat izango, udalak, Berrobi Kantuz lehen koru zikloa antolatu baitu. Martxora bitarte, elizan, lau saio izango dira.

David De Miguel Berrobiko alkatearen esanetan, «kulturaren aldeko apustu indartsua» egin nahi du udalak. Aritz Alkain Kultura zinegotziak, bere aldetik, berrobitarrak eta eskualdeko herritarrak gonbidatu ditu koru ziklora: «Lau kontzertuek euskal tradizio koraleko hainbat obra eskainiko dituzte. Hirigune handietan bizi diren hiritarrek kultura eskurago dute eta kultura-eskaintza zabalagoa dute, baina Berrobin eta antzeko herri txikietan erronka handia da eta baita gure apustua ere kultura-agenda osoa eta zabala prestatzea». Udalarentzat «kultura Berrobira hurbiltzea erabaki estrategikoa» dela esan du Alkainek. Horren isla 2022ko aurrekontuan aurki daitekeela gogoratu du kultura zinegotziak: «Kulturara bideratutako kontu-sailari dagokionez, %100 egin du gora. Berez, udal-kontuetako igoerarik handienetako bat izan da, eta herrian antolatzen diren kultur jarduerak areagotzea da helburua». Udal ordezkariek erronka horretan kokatu dute Berrobi Kantuz zikloaren lehen edizioa, «denboran aurrera jarraitzeko asmoz sortu dena».

Gorka Miranda Easo Abesbatzako zuzendari artistikoa da. Horrez gain, ekimenaren lehen edizio honetako zuzendari lanak egingo ditu. Donostiarrak esan du «patxadaz, soseguz eta modu intimoan entzuteko saioak» izango direla eta udalarentzat esker oneko hitzak izan ditu. Bere helburua, «entzumenari berriro garrantzia» ematea dela azaldu du, egun irudien munduak pisu gehiegi duela kritikatuz.

Egitaraua

  • Abenduak 22, osteguna, 19:30ean elizan: Gontzal Mendibil eta Easo abesbatza. Gitarrarekin eta buzukiarekin Anjel Unzu ariko da, eta akordeoiarekin Iñaki Dieguez. Neugan bizi gabe biziz: San Joan Gurutzekoaren poema musikatuak kontzertua eskainiko dute, eta bertan San Joan Gurutzekoaren obra mistikoko olerkiak, Gontzal Mendibilek musikatuak, entzun ahal izango dira.
  • Otsailak 5, 19:30ean, elizan: Easo gazte abesbatza. Marion Angusen, Louiz Stevensonen eta Federico García Lorcaren poema batzuetan oinarrituko da emanaldia, eta konpositore ingelesak Gary Carpenter eta Bob Chilcott izango dira. Emanaldiaren izenburua Hitza eta ahotsa da.
  • Otsailak 11, 19:30ean, elizan: Eskifaia Abesbatza. Gorka Aierbek zuzenduta, bidaia musikal bat egingo du munduan zehar Kantu eta kontu izenburupean, eta emanaldian espiritual beltzak, boleroak, Baltikoko folklorea eta euskal kantak entzun ahal izango dira.
  • Martxoak 18, 19:30ean, elizan: Oñatiko Ganbara Abesbatza eta Aequus Ensemble. Proposamen musikal berria aurkeztuko dute. Inspiratio izenburua du eta musika koralaren konpositore eta sortzaile ezagunak entzun ahalko dira, besteak beste, TL de Victoria, J. Brahms, F. Mendelssohn, J. Runestad, A. Cadario eta E. Whitacre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!