Gehigarria: motorra eta mugikortasuna

«60 edo 90 minutuero dugu autobusa»

Ataria 2022ko abe. 9a, 09:59

Berrobiko alkatea da David de Miguel (Donostia, 1992) eta esan du eskaripeko taxi zerbitzuak herrian interes handia piztu duela.

Nola joan da eskariaren araberako taxi zerbitzua Berrobin?
Berrobira doan Lurraldebuseko linea da Tolosaldea osotik bidaiari gehien dituena, eta horren arrazoia da Berrobiko herritarrek autobusa nahikoa erabiltzen dutela eguneroko joan-etorrietarako. Hala ere, udan behera egin du autobusen maiztasunak, eta, beraz, oso positiboa izan da Lurraldebusek abian jarri zuen ekimen pilotua, autobus-zerbitzurik ez zegoen orduetan eskaeraren arabera garraioa eskaini delako. Interes handia piztu zuen herrian, eta martxan jarri zen lehen egunetik hasi ziren erabiltzen. Horren erakusgarri da eskariaren araberako garraioa uztailera mugatzea aurreikusita zegoela, baina abuztura arte luzatu zela, harrera ona izan zuelako.

Zein da erabiltzaileen profila?
Zerbitzu hori gehien erabili zuten erabiltzaileak gazteak, erretiratuak eta emakumeak izan ziren.

Berrobi ondo komunikatuta dagoela esan daiteke?
Landa eremuko udalerrietan garraio publikoko zerbitzua ematea beti da zaila. Hiriguneetan, maiztasunek ahalbidetzen dute bidaia asko planifikatu beharrik ez izatea; geltokira joaten zara, eta autobusaren edo trenaren zain egoten zara. Hala ere, Berrobiren kasuan, garraio publiko ona duela esan dezakegu, egunero 13 zerbitzu eskaintzen baititu Tolosarekin lotzeko, eta, bertatik, Lurraldebuseko beste autobus bat hartu eta Donostiara joan daiteke. Horrek esan nahi du autobus bat dagoela 60 edo 90 minutuero, eta gaueko garraioa ere badugu larunbat gauetan. Agian, zerbitzua hobetu ahal izango litzateke Renferen aldiriko trenekin bezala beste bagoi aldaketa bat izango bagenu, MUGI sisteman txertatuta dagoelako eta Goierri, Urola Garaia, Donostialdea eta Bidasoarekin lotura hobetuko litzatekeelako.


Zergatik da garrantzitsua garraio publikoaren erabilera sutatzea Berrobi bezalako herri batean?
Lurraldean askatasunez mugitzeko eskubidea dugu, kontuan izan gabe udalerri handietan edo txikietan bizi garen. Egunero mugitu behar dugu lanagatik, ikasketengatik, erosketak egiteko edo, besterik gabe, aisiagatik. Baina garraio publikoko zerbitzu on baten bidez bakarrik berma dezakegu herritar guztien aukera berdintasuna, pertsona guztiok bermatuta izan ditzagun gure joan-etorriak, norberaren egoera edozein dela ere. Gauzak horrela, Berrobi bezalako herri batentzat ezinbestekoa da garraio publikoa erabiltzea eta sustatzea, jasangarriagoak izateko eta karbono aztarna murrizteko ez ezik, udalerrian biztanleria bertan bizi dadin lortzeko ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!