Frontenis txapelketak baditu irabazleak

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 3a, 19:59

30. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketako zazpi finalak jokatu dituzte, eta urteurren borobila gogoan izan dute antolatzaileak omentzeko.

30 urte bete ditu Ion Ander Izagirre txapelketak. Azken urteetan Ibin Kirol Klubak antolatzen du, eta urteurren borobila aprobetxatuz, aurrera begira ere jarri dira: «Espero dugu beste horrenbeste irautea. Ea jendea atzetik animatzen zaigun, herriarentzat txapelketa hau oso berezia da eta». Orain arteko antolatzaileak ere gogoan izan zituzten larunbatean, omenaldia egin baitzien. Larrosa bana eta agurra dantzatu zieten.

Aurtengoarekin gustura geratu dira antolatzaileak. Parte hartze kopurua mantentzea lortu dute maila guztietan, eta gizonezkoen binakakoan gorakada bat izan dela aipatu dute. Horri, Frontenis Txiki txapelketaren lehen edizioa gehitu behar zaio: «Ekimena Berrobiko guraso batzuen aldetik etorri da. Gaztetxoengan ere frontenisa sustatzea du helburu. Dozena batek eman dute aurten izena eta gustura geratu dira».
Zazpi finalei dagokienez, partida estuak suertatu dira. Aipatu beharra dago binakakoan Mireia Lezeak min hartu zuela. Ezker belaunean bihurritua izan zuen eta tibia ere ukitua izan lezake, mediku azterketen zain dago. Antolakuntzak ezbeharra gertatu bezain pronto ospitalera eraman zuen Lezea. Gutxienekoa, txapela, Leire Jauregik eta Nagore Lizardik irabazi zuten.

Banakakoan omenaldia ere izan zen. Jon Jauregi eta Xabi Zubiria lehengusuek euren finala urtarrilean zendu zitzaien aita eta osabari eskaini zioten.

FINALETAKO EMAITZAK
Gaztetxoak

  • LH1-LH4, banaka: Ekhi Altuna 22 Oihan Artola 14
  • LH5-DBH2, binaka: Beñat Lizardi-Ibai Lizardi 22 Ibai Larrañaga-Anje Ruiz 20
  • LH5-DBH2, banaka: Beñat Lizardi 22 Ibai Larrañaga 21 

Helduak

  • Mutilak binaka: Xabi Zubiria-Julen Izagirre 30 Yeray Otaegi-JA Artaza 22
  • Mixtoa: Leire Jauregi-Xabi Zubiria 30 Nagore Lizardi-Niko Artola 22
  • Emakumeak, binaka: Leire Jauregi-Nagore Lizardi - Mireia Lezea-Elena Artieda - (Lezearen lesioagatik ez zen amaitu partida; ondorioz, txapela Jauregi-Lizardik irabazi zuten)
  • Mutilak, banaka: Xabi Zubiria 30 Jon Jauregi 20

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!