Gerturatu dira San Andres jaiak Berrobira

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 23a, 07:57

Larunbatetik azaroaren 30era bitarte ospatuko dituzte sanandresak berrobitarrek; larunbateko afariko txartelak erosteko epea gaur bukatuko da.

Mahai baten bueltan hasiko dituzte San Andres jaiak Berrobin, larunbatean. Azaroaren 30era arte jarduerak prestatu dituzte, festaz gozatzeko.

Larunbatean, afaria egingo dute Erroizpe ostatuan, eta bertaratu nahi duenak txartelak eskuratu beharko ditu aurrez, ostatuan bertan. Gaur amaituko da txartelak hartzeko epea. Karaokea izango dute jarraian eta DJ Andoni arituko da giroa alaitzen.

Hurrengo egunean, igandean, Dantzatu eta abestu emanaldia ikusteko aukera izango da, 11:30ean, plazan. Lorea Intxausti, Asier Burguete eta Joanes Echeveste aktoreek hartuko dute parte emanaldian. Ondoren, 12:30ean, txakolin eta gazta dastaketa egingo dute, Joxe Mendizabalek alaiturik. Eta arratsaldean, 18:00ak aldera, taloak jateko aukera izango da ostatuan.

Azaroaren 29an, Emakumeak ahalduntzen topaketa egingo dute, jarduera batzuen bidez bakoitzaren esperientziak partekatzeko. Ester Povedak zuzenduko du saioa, Aran Rodasen kolaborazioarekin.

Festetako azken eguna, San Andres eguna izango dute, azaroaren 30a. 12:30ean meza izango da eta ondoren jubilatuentzako herri bazkaria egingo dute, 13:30ean, Iriarte jatetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!