ERREPORTAJEA

Kontu zahar eta berrien arteko talkak

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 5a, 07:59

Uda aurretik estreinatu zuten emanaldia, Berrobin. PEDRAM YAZDANI

Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldeak Dulantziko XVI. Antzerki Amateur Jaialdian hartuko du parte, azaroaren 19an; tradizioa, lehengo bizimodua, ohitura zaharrak eta gaur egungo berriak uztartzen dituen 'Zaharrak berri' antzezlana eramango dute oholtzara.

Zaharrak berri. Izenean bertan islatzen da antzezlanak kontatzen duena. Gizartean ematen diren aldaketak kontatzen ditu Txalo-Talo antzerki taldeak ondu duen antzezlan berriak. Baserriko familia tradizional bat oinarri hartuta, ohitura zahar eta berrien arteko talka horretan sortzen diren egoera ezberdinak taularatzen saiatu dira. Eta laster taularatuko dute; uda aurretik estreinatu zuten Berrobin, eta hilaren 19an, Dulantzin ospatuko den XVI. Antzerki Amateur Jaialdian izango dira.

Zaharrak eta berriak dakartzan talka horien bidez josi dute emanaldia. Teknologiaren erabilera izango da talka horietako bat sortuko duena, edota familia egituraren inguruan ere arituko dira, Aran Rodas Txalo-Talo antzerki taldeko kideak zehaztu duenez: «Baserriko familia horretan gurasoez gain seme-alabak ere badaude, eta gazteek bestelako teknologiak erabiltzen dituzte helduenek gehiegi ezagutzen ez dituztenak, eta familia egitura normatibotik aldenduko gara baita ere, horrek sortuko dituen elkarrizketa interesgarriak entzunez».

Antzezlanean zazpi lagun ariko dira aktore lanetan. Familiaren oinarrian, guraso paperean, aita Mikel Agirretxe izango da, Luixito; Ana Goñi, bere emaztea, Juanita paperean ariko da. Bi alabak, Aran Rodas eta Aloña Izagirre, Itziar eta Leireren paperean. Alaben lagunak izango dira Oihane Bergara eta Joseba Izagirre, Amane eta Jon. Horrez gain, Anttoni bizilaguna izango du familiak, Lurdes Ibañezek gorpuztuko duena.



Familia, lagunak eta bizilaguna. Hor mugituko dira aktoreak. Garai batean baserri batetik bestera komunikatzeko erabiltzen ziren moduak ikusteko aukera ere izango da, bizilagunen arteko elkarrizketek eta kontuek erakutsiko dute hori. «Oso hasiera polita du lanak, aspaldiko garaiak etortzen dira burura, komunikatzeko modu horiek ikusita».

 

«Gidoian beti sartzen ditugu umore ukituak, beti iritsi izan garelako erraz publikoarengana»



Jendea identifikatuta sentitu daitekeen antzezlan bat dela argi du Rodasek. Egoera ezberdinak «dosi txikietan» adierazten saiatu dira, gero bakoitzak bere irakurketa egin dezan. «Gertuko antzezlan bat da, erraz ikusten dena, eta identifikagarria izan daitekeena».

Txalo-Talo antzerki taldeak berea du umoretik antzeztearena, eta kasu honetan ere hala egin du. Komediatik landu dute gaia, beraz, barre egiteko parada ere eskaintzen du lanak. «Egia esan, gidoian beti sartzen ditugu umore ukituak, orain arte horrela erabaki delako eta beti iritsi izan garelako erraz publikoarengana. Hala ere, bestelako planteamenduak ere egin izan ditugu, baina kasu honetan komediatik jo dugu, azkartasun puntua eta erritmoa emanez».

«Familiako pertsonaia helduenak gurasoak dira, pentsamendu tradizionalenak dituztenak, eta gazteek xaxatuko dituzte gaur egun ohikoak diren gaiak ikusaraziz». Baina helduen artean ere bi aldeak ikus daitezke: «Esaterako, helduenei teknologia berrietan sartzeak beldurra ematen die, baina ez gai ez direlako, baizik eta aldaketa horrek sortzen duelako beldurra eta betikoan jarraituta eroso daudelako». Hor ere bakoitzak zein bide hartuko duen ikusiko da.

Eta oholtzari begira, berrikuntza batekin dator lan berria. Estreinakoz, eszenografiarako aditu baten laguntza izan dute: Eva Rodriguez hain zuzen. Baserriarekin zerikusia duen lana izanik, erabili duten material nagusia egurra izan da, «egur kolorea, naturaren koloreak, marroia, berdea sartzen saiatu gara». Oholtzarako egurrezko egitura bat prestatu dute, eta eszena bakoitzean egitura hori moldatu egiten dute dagokion eszenografiara, izan sukalderako, armairu baterako edota etxeko sarrerarako. «Zerbait praktikoa nahi genuen, eta halaxe egin dugu, autoan hara eta hona ibiltzeko moduko materiala behar izaten dugulako».

 

«Egiten dugun lan horren saria da guretzat horrelako jaialdi batean parte hartu ahal izatea»



Gidoia idazteko taldekide guztiek ematen dituzte beraien ideiak, baina guztia fintzen Ester Poveda aritzen da, kasu honetan bezala. «Komediatik jotzeko ikasketak ere baditu, eta badaki gidoiak nola borobildu». Bera aritzen da zuzendari lanetan, aktoreak zuzentzen, eta guztia antolatzen.

Dulantzira begira

Ekainean, uda aurretik estreinatu zuten antzezlana, herrian bertan, Berrobin. «Lehen aldia zen leku ireki batean, kanpoan egiten genuena. Eskolako aterpean egin genuen eta egia esan, bilduta, goxo sentitu ginen. Gure beldurrak bagenituen, ahotsa entzungo ote zen, gauez izanda argi aldetik ea zer moduz, baina egia esan beti bezalako erantzuna jaso genuen, oso ona, eta pozik geratu ginen».

Eta lan berarekin badute beste erronka bat. Gaurtik azaroaren 26ra ospatuko den Dulantziko XVI. Antzerki Amateur Jaialdian parte hartuko dute. Uda aurretik eman zuten izena eta aurkeztu diren talde guztietatik bederatzi izan dira onartuak; tartean, Zaharrak Berri antzezlana. «Gasolina moduko zerbait eman dio taldeari hautatua izateak. Behin lana prest izanda, mugitzeko aukera izatea, eta gainera jaialdi batean izatea, primerakoa da. Indarberritu egin gaitu, aurrera jarraitzeko gogoa handitu, eta egiten dugun lan horren saria da guretzat horrelako jaialdi batean parte hartu ahal izatea», dio Rodasek. Azaroaren 19an antzeztuko dute, 19:30ean, Dulantziko kultur etxean. Azaroaren 26an amaituko da jaialdia, eta sari banaketa egun horretan egingo dute.



Aurretik, Urretxuko Antzez Motz jaialdian hartu izan du parte Txalo-Talo antzerki taldeak. «Esperientzia ederra izan zen hura ere, baina hura bertako jaialdi bat izan zen; Dulantziko hau estatu mailako jaialdia da». Jende berria eta talde berriak ezagutzeko aukera izango dutela uste du berrobitarrak, eta gogorik ez dute falta parte hartzeko: «Eguna iristen denean, energia ez dagoen lekutik ere ateratzen da, eta indarrarekin joango gara, ea taula gainena magia sortzen den».

Afizioz aritzen dira aktoreak antzerkian, eta horrelaxe daukate osatuta antzerki talde xumea. «Taldeko kide batzuk ikasleak direla, besteak gurasoak, lanean daudenak, ez da erraza astero-astero entseguak egiteko guztiok elkartzea. Horrelako aukerarekin, ordea, txar guztiak ahaztu eta ona besterik ez dugu ikusten».

ZAHARRAK BERRI

 

Antzezleak

Aloña Izagirre, Ana Goñi, Aran Rodas, Joseba Izagirre, Lurdes Ibañez, Mikel Agirretxe eta Oihane Vergara.

Zuzendaria, dramaturgia, argiteri eta soinua

Ester Poveda.

Eszenografia

Eva Rodriguez.

Jantziak

Txalo-Talo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!