ERREPORTAJEA

Herria zerbitzuz osatzeko

Irati Saizar Artola 2022ko urr. 20a, 11:59

Berrobiko Erroizpe ostatuan gosariak emanez hasten dute eguna goizero; ostiraletik igandera, plater konbinatuak edota ogitartekoak ematen dituzte.

Abuztu amaieran, San Agustinetarako zabaldu zituzten Berrobiko Erroizpe ostatuko ateak, berriro. Udalak lehiaketara aterata zuen zerbitzua eta Garikoitz Pereda Ibarrek hartu du kudeatzeko ardura. Zerbitzu «osatuagoa» eskaini asmoz, gosariak emateko zabaltzen dute egunero ostatua eta oinarrizko produktuak saltzeko denda moduko bat ere jarri dute.

Ez da lan berria Peredarentzat. Lehen ere eduki zuen taberna bat zabalik. «Bizitzak Berastegin bizilekua izatera eraman ninduen eta fabrika batean egin izan dut lan». Beti zuen begiz jota, ordea, taberna bat hartu eta lan horretara bideratu ahal izatea. «Nire bidetik pasa zen Berrobiko ostatua hartzeko aukera, eta proiektua aurkeztera animatu nintzen». Udalak emandako aukera aprobetxatu, eta lanean ari dira abuztu amaieratik.

Ostatuak duen berezitasunetako bat da gosariak eskaintzearena. «Herrian falta diren zerbitzuei begira hasi ginen, eta Ogi Berrirekin harremanetan jartzea pentsatu genuen», kontatu du. Ogi Berrik eskaintzen duen guztia aurki daiteke Erroizpe ostatuan. «Erraztasun guztiak eman dizkigute beraien produktua saltzeko». Labe bat jarri diete goizero ogia egiteko, eta gosaritarako aukera zabala daukate. Bertan gosaltzeaz gain, etxera eraman ahal izateko gozoak ere saltzen dituzte. Enkarguz, baita tartak ere.

Denda txiki bat ere badaukate, oinarrizko produktuez hornituta: esnea, gailetak, zerealak, azukrea, gatza, olioa, pasta, irina... «behar-beharrezkoak diren produktuak dira gehienbat». Tabernak funtzionatu ahal izateko horrelako zerbitzu bat jartzea egokia izan daitekeela pentsatzen du: «Ogia erostea datorrenak kafetxo bat hartzeko aprobetxatzen du». Ideia horrekin abiatu ziren eta momentuz, «gustura» daude izandako harrerarekin.

Herriko festetarako ireki zuten ostatua. «Lan handia egin genuen». Izan ere, ostatua dagoen lokala bitan zatituta dago, lokalaren erdian akordeoi baten moduan zabaldu daitekeen ate handi bat du, eta irekita, «sekulako espazioa» geratzen da, edozer egiteko ere. Egunerokoan, hala ere, itxita izaten dute. «Festetan erdiko atea zabaldu eta DJa eta guzti izan genuen, parrandarako ere aproposa da lekua». Horrez gain, udalak eskatutako lanak egin behar izan zituzten, besteak beste, jubilatuei gosaria jartzea.

Egunero zabalik

Astelehenetik ostegunera goizez eta arratsaldez dute zabalik ostatua. 08:00etan irekitzen dute eta 14:00etatik 16:30era bitartean itxi egiten dute, gero 20:30ak arte zabaltzeko. Ostiral, larunbat eta igandeetan eguerdietan ez dute ixten, eta plater konbinatuak edota ogitartekoak ematen dituzte. Momentu honetan, baloratzen ari dira ea astean zehar eguneko menua eman dezaketen: «Eskaera badago, beraz, lantzen ari gara nola egin dezakegun. Ideia batekin zabaldu genuen ostatua, ideia hori bete dugu, eta orain beste eskakizun batzuk daudenez, egokitzen saiatuko gara». Horrez gain, ostiralero pintxo-potea egiten dute Berrobin eta Erroizpek ere hartzen du parte.

Kontuan hartu dute Berrobin badagoela jateko beste leku bat: Iriarte jatetxea. «Iriartek badakigu zein zerbitzu eskaintzen duen, eta gure asmoa da bi zerbitzuak elkarren osagarri izatea. Badakigu sukaldearekin ezin dugula lehiatu, ez da gure asmoa ere, beraz, beraiek eskaintzen ez duten hori emateko prest agertu gara: plater konbinatuak, ogitartekoak...». Esaterako, kontatu du Iriartetik haurrak Erroizpera bidaltzen dituztela goxokiak erostera, bertan ez dauzkatelako. «Bi zerbitzu oso ezberdin gara eta harreman oso ona daukagu».

Berrobi, Tolosa eta Ibarratik gertu egonda, gazteek kotxea hartu eta kanpora joateko ohitura dutela esan du Peredak. Hor eragin nahi dute, herritarrak herrian bertan gera daitezen mokadu bat jaten. «Trago bat hartzera datozenean gogoratzen zaie hemen ere badugula aukera». Ohitura horiek aldatzea espero dute eta lanean jarraituko dute horretarako.

Haurren urtebetetzeak ospatzeko lekua ere bada Erroizpe, «talde handiak biltzeko leku aproposa delako». Lokalaren beste aldean, erdiko ateaz bestalde, udalak kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak antolatzen ditu, eta hori ere lagungarri zaie. Hala ere, beraiek ere badute aukera edozer gauza antolatzeko: «Herriko jendeak parranda egiteko eskatzen badigu, udalarekin hitz egiten dugu eta antolatu dezakegu».

Nortasunarekin bat

Izena asmatzen, marka sortzen, lokala atontzen, proiektuari forma ematen eta laguntzen aritu zaie Olatz Labaien barne diseinatzaile berastegiarra. «Gure zaletasunekin eta nortasunarekin identifikatuko den gune bat izatea nahi dugu. Mendia asko gustatzen zaigu eta mendiko aterpeak maite ditugu. Estilo hori asko gustatzen zaigu, merke jan ahal izatea eta betiko jana izatea». Ideia horretatik egokitu dute ostatuko ertz batean lasai egoteko leku bat: tximinia jarri dute sua egiteko eta sofa bat jarri dute ondoan, mahai batekin. Mahai jokoekin edota liburuekin hornitu nahi dute gunea, «haur eta gazteen topagunea ere izan dadin».

Berrobi mendiz inguratuta egonik, buruan darabilte inguruko mendiak ezagutu ahal izateko eskaintzaren bat proposatzearena. Aztertzen ari dira zer eta nola egin dezaketen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!