Estreinatu dute pilotaleku berritua

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko irailaren 24a

Inauguratu dute Berrobiko Urreburu pilotaleku berritua. Hiru partida jokatu dira, eta partiden aurretik, jaialdiari hasiera emateko dantza egin dute. Ostean, Bixente Gorostidi bertsolari amezkatarrak bertsoak abestu ditu.

Aurpegi berritua du Berrobiko pilotalekuak, eta Gorostidik Txomin Garmendia berrobitar hil berria izan du gogoan. Garmendia alkate zen garaian eraikia izan zela pilotalekua adierazi du, orain berritu duten arren. Horrez gain, herri txikietan pilotalekuak herritarrak biltzeko gune direla, eta «frontoian biltzen dakien herria, herri bizia izango da», esan du.

Txomin Garmendia omentzeko baliatu du bigarren bertsoa, eta Gorostidik txalo zaparrada eskatu die bertaratuei. Berrobitarrek bikain erantzun diote. Eta txalo zaparrada artean, eta profesionalen pare egin dute herriko pilotari txikienek frontoirako bidea.

Hiru partida zituzten prest, txikiena, kadete mailakoena eta jada profesional izandakoak ere aritu dira azken partidan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!