Urreburu pilotalekua inauguratuko dute larunbat honetan

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 22a, 07:57

Jaialdian Xala-Urruzola eta Urbieta II-Erasun ariko dira; 17:00etan hasiko da eta bertsolari eta dantzariek parte hartuko dute.

Urreburu pilotalekua berritzeko obrak egin ditu Berrobiko Udalak eta itxura berritua hartu du orain. 1985ean eraikitako frontoia da. Herritarrek aldaketa ikus dezaten, larunbat arratsaldean inauguratuko dute. 17:00etan hasiko da jaialdia, pilotalekuan bertan.

Gaztetxoen pilota partidekin emango diote hasiera inaugurazioari, eta ondoren, afizionatuen txanda izango da: Xala eta Urruzola, Urbieta II.aren eta Erasunen aurka ariko dira. Dantzariak eta Bixente Gorostidi bertsolaria ere jaialdian izango dira.

Itxura berria

Hezetasunari aurre egitea, hormetako pitzadurak tapatzea, kanpoko euri urak bideratzea eta pilotalekua margotzea izan dira, besteak beste, pilotalekuan egin dituzten lanak. Hiru enpresa ezberdin aritu dira lanean, ekainetik hona, eta hiru obretan egindako inbertsioak 53.454,65 euroko kostua izan duela zehaztu du David de Miguel Berrobiko alkateak.

Pilotalekua egoera kaskarrean zegoelako hartu dute berritzeko erabakia: «Pilotalekuko hormek pitzadurak zituzten eta aldameneko lurraren hezetasuna iragazten zen». Zigilatu egin dituzte pitzadura horiek, eta frontisean zeuden zuloak bete dituzte, «pilotak ez zuelako behar bezala errebotatzen». Lan horiek Leyna enpresak egin ditu, ekainean zehar, eta 18.389,58 euro inbertitu ditu udalak.

Bestetik, alboko hormaren kanpoaldean, euri uren bilketa hobetzeko lanak ere egin dituzte, lurrean infiltratu ez dadin. Lurkide Hondalanak enpresa arduratu da euri urak behar bezala bideratzeaz. Irailean egin dituzte lanak eta 10.846,44 euroko kostua izan dute.

Azkenik, frontoiko pareta guztiak margotu dituzte. Berde kolorez kantxako paretak eta zuriz kanpoaldekoak. Berrobiko armarria ere margotu dute, eta harmailak egokitu dituzte banakako eserlekuak jarriz. Kirol ekipamenduetan espezializatutako Instalaciones 360º enpresak egin ditu lan horiek, 24.218,63 euroko aurrekontuarekin. Lan horiek abuztuaren lehen astean egin zituzten.

Era berean, De Miguelek aurreratu du guztiz amaitu gabe dagoela kirol instalazioak berritzeko proiektua. Eta esan du datorren urte hasieran pilotalekuko aldagelak birmoldatuko dituztela, eta frontoiaren ondoan dagoen kirol pista berritzea ere asmoen artean dagoela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!