Irailaren 17an izango da XIX. Berrobira Herri Krosa

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 7a, 11:59

Beste urte batez, Berrobira lasterketa herrikoia antolatu du Berrobiko Ibin Kirol Klubak. 7,5 kilometroko ibilbidea izango da, eta 17:00etan hasiko da helduen lasterketa; aurrez, umeek ere parte hartu ahal izango dute.

Irailaren 17an izango da, eta urtero moduan, bi lasterketa izango dira; 16:00etatik aurrera izango dira haurrenak, eta helduena, berriz, 17:00etan hasiko da. Helduen ibilbideak, 7,5 kilometroko luzera izango du (5 itzuli herriari). Iaz, urrian egin zuten lasterketa eta 70 korrikalarik parte hartu zuten, eta aurten, kopuru hori berdindu edo gainditzea izango da antolatzaileen helburua.

Haurrei dagokienez, lau maila desberdin egongo dira: 16:00etan, aurrebenjamin mailakoen txanda izango da (eskolari itzuli bat); 16:10ean, benjamin mailakoena (eskolari bi itzuli); 16:20ean, alebin mailakoena (ermitatik itzuli bat); eta 16:30ean, infantil eta kadete mailakoena (ermitatik bi itzuli).

Bi mailen kasuan, lasterketak hasi baino minutu batzuk lehenagora arte eman ahal izango da izena. Helduei dagokionez, 16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete, eta 8 euro ordaindu beharko ditu lasterkari bakoitzak (egunean bertan, 10 euro). Dortsalak herriko plazan jaso beharko dira lasterketaren aurretik. Izen-emateari eta lasterketari buruzko informazio gehiago nahi duenak, Herrikrosa.eus webgunea bisitatu, 626 449 950 telefono zenbakira deitu edo ibinkirolkluba@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali behar du.

Sariei dagokionez, bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere, lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute; lasterketa bakoitzeko azkarrenek, gainera, 100 euroko ordainsari bana jasoko dute. Herritarren artean ere, gizonezko eta emakumezko azkarrenek garaikurra irabaziko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!