Berrobiko jaiak 2022

Irabazlerik gabeko pentatloia jokatu dute Berrobin

Leyre Carrasco 2022ko abu. 28a, 15:55

Ibon Garaiburuk eta Karmele Gisasolak osatutako bikoteak Amalur Arbelaitz eta Julen Kañamaresen aurka aritu dira eguerdian Berrobiko plazan. Bi bikoteek bost proba egin behar izan dituzte guztira.

Eguerdian Berrobiko plazara gerturatu diren ikusleak plazako itzalaren babesa eskertu dute. Hala ere, eguzkia ez da oztopo izan gaurko saiorako eta bero handia egin arren, bertan aritu dira aurrez aurre Ibon Garaiburu berastegiarra eta berarekin bikote Karmele Gisasola, Amalur Arbelaitzek eta Julen Kañamaresek osatutako bikotearen aurka. 

Guztira, bost lan ezberdin egin behar izan dituzte bi bikoteek: Lehendabizi, harri jasotzea egin behar izan dute, eta hogei aldiz jaso behar izan dute bola; gizonek hamar jasoaldi egin behar izan dituzte 100 kiloko bolarekin, eta emakumeek beste hamar 63 kiloko bolarekin. Aizkoran hasi dira segidan eta bost enbor moztu ondoren, trontzan beste bost ebaki egin behar izan dituzte. Txingak izan dituzte laugarren lana, eta bina plaza egin behar izan dituzte; gizonek 50 kilokoekin eta emakumeek 35 kilokoekin. Amaitzeko, hamasei buelta korrika egin behar izan dituzte plazan. 

Azken proba horretan nahaste bat izan dute, eta horren ondorioz, lehenengo nork bukatu ezinik amaitu dute saioa. Hala ere, giro ederra sortu da eguerdian plazan. Arratsaldean ere festak ez du etenik izango Berrobin, eta Los Tenampasen eskutik mariatxiak izango dituzte 18:00etan. Iluntzean emango diote amaiera aurtengo San Agustin jaiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!