Hasi dira Berrobiko San Agustin jaiak. Gogotsu zeuden herritarrak, eta hala azaldu dira suziria lehertu baino minutu batzuk lehenago, udaletxe atarira. Aran Rodasek bertso bat abestu du, eta ondoren, bizitzaren lekukoa belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan diren herriko familiak omendu dituzte. Udaletxeko balkoira atera dira, Ramonita, Juanita, Karmen, Manolo, eta beraien senideak. "Eskerrik asko zuen jakintza eta bizitzaren esperientzia gurekin partekatzeagatik", esan die Rodasek. Gaur egun jada beraien artean ez dauden herritarrak ere gogoan izan dituzte.
Behin omenaldia amaituta, suziria piztu eta leherrarazi dute familia horiek. Leherketa hotsa entzutean, gozokiak jaurti dituzte balkoitik, eta ondoren kalejira egin dute trikitilariekin. Musikariekin batera, buruhandiak atera dira kalera, haurren atzetik korrika ibiltzeko. Txikienak, ordea, ez dira nahiko nekatu buruhandien aurrean, eta gero, puzgarrietan jolas egiteko aukera izan dute.
Arratsaldean jarraituko du festak Berrobin; sagardo dastaketa eta karaoke herrikoia egingo dituzte:
- 18:00. Sagardo dastaketa Izer eta Alabierrek alaiturik.
- 22:30. Karaoke herrikoia.