Berrobiko jaiak 2022

«Ondo pasatzeko jolasak dira, barre egitekoak, abileziarik ez da behar»

Irati Saizar Artola 2022ko abu. 23a, 11:59

Berrobiko San Agustin jaiak prestatzen parte hartu dute Ibin kirol klubeko Garazi Goenaga eta Oihane Vergara gazteek. Bi jarduera antolatuko dituzte: batetik, futbito txapelketa, eta bestetik, herri jolasak.

Abuztuaren 25etik 28ra ospatuko dituzte San Agustin jaiak Berrobin; eragile ezberdinen artean antolatu dituzte festak, eta jarduera ezberdinetan parte hartzeko deialdia luzatu dute Ibin kirol klubekoek.

Nola antolatu dituzue festak?

Oihane Vergara: Bilerak egin ditugu, eragile ezberdinak elkartuta. Ibin kirol kluba, antzerki taldea, guraso elkartea, dantza taldea, jubilatuak eta udala elkartu gara. Deialdi berezi bat egin zitzaien gaztetxoenei, beraien parte hartzea ere bermatzeko. Eta gero talde bakoitzak bere proposamenak egin ditu, festetan zer nahi dugun zehazteko.

Zuen kasuan, Ibin kirol klubetik, zein proposamen egin dituzue?

Garazi Goenaga: Batetik futbito txapelketa. Egin izan da aurrez ere; azkena, 2014an egingo zen. Bakoitzak bere taldea sortu, eta partidak jokatzea da asmoa. Herriko gazteak ekintzak egitea bultzatzeko helburuz antolatu dugu. Ikusten dugu ez dutela gauza askotan parte hartzen, beraz, behintzat futbolean aritzea gustatzen zaienak animatu daitezela eskatzen dugu. Herrian integratzea ere badelako helburuetako bat.

Egunean bertan hasi eta bukatuko da txapelketa?

Vergara: Bai, hala egiten da. Zozketa egiten da egunean bertan, eta finalerdiak eta finala ere egunean bertan izango dira. Bi kategoriatan antolatu dugu: batetik 15-20 bitarteko gazteentzat, eta bestea 20tik gorakoentzat. Gurasoak ere animatzea gustatuko litzaiguke. Futbitoa frontoi ondoko futbol zelaian jokatuko da, beti hor egin izan baita.

Eta zer gehiago antolatu duzue?

Goenaga: Herri jolasak egingo ditugu larunbat arratsaldean. Lau talde egingo ditugu, bakoitza kolore batekoa. Egunean bertan, dagoen jendearen arabera egingo ditugu. Jolasak taldeka, erreleboka edota denbora konkretu batekin izango dira. Ondo pasatzeko jolasak dira, barre egitekoak, abilezia berezirik behar ez dutenak. Sorpresa asko izango ditu jarduerak, eta ikuslearen parte hartzeak ere izango du garrantzia.

Mendi irteera ere antolatzen zenuten besteetan.

Vergara: Bai, festetako egun bat hartzen genuen mendi irteera bat egiteko. Baina azken boladan antolatu izan ditugun irteeretara inor ez dela animatzen ikusita, ez egitea erabaki dugu. Ikusi dugu jendeari mendira bere kasa joatea gustatzen zaiola, ez guk antolatutakoan. Ulertzen dugu zaila dela denak kointziditzea, baina irteera asko izan dira ia inor hurbildu ez zaiguna.

Parte hartzea bultzatu nahiko zenukete Berrobin?

Goenaga: Bai, bai festetarako eta baita bestelako ekintzetarako ere. Herritarrak zein ingurukoak festetara animatu nahiko genituzke, etor daitezela eta har dezatela parte antolatu ditugun jardueretan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!