ELKARRIZKETA

«Hurbileko hostoak aztertzean, naturari lotuago sentitzen naiz»

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 11a, 07:57

Papera egiten hasi eta feltroa lantzera pasa zen ondoren Kris Meraki; geroago, material botanikoarekin osagarriak estanpatzen ikasi zuen eta ordutik oihal ezberdinak estanpatzen ditu, lore eta landareekin.

Berrobiko Barazki Bizidunak negutegiaren barruan gune bat atondu eta orduak pasatzen ditu Kris Meraki artisauak (Donostia, 1972) naturarekin kontaktuan. Izen profesionala da Kris Meraki, bere izenarekin eta grezierazko hitz baten elkarketatik datorrena. «Egiten duzun guztian zure maitasuna, zure esentzia jartzea» esan nahi du Merakik. Horretan dihardu egun. 

Artisaua zara eta bizitza osoa daramazu artisautzari lotuta. 

Duela urte dezente paper birziklatua egiten hasi nintzen, postalak egiteko edota ezkontza gonbidapenetarako, beste gauzen artean. Geroago, feltroa ezagutu nuen eta gustatu egin zitzaidan. Azken batean elkarren artean lotzen diren zuntzak dira, eta zentzu horretan paperarekin bazuen harreman pixka bat, baina beste istorio bat zen. Feltroa malguagoa da, eta iruditu zitzaidan feltroarekin paperarekin baino askoz hobeto adieraz nezakeela nahi nuena. Horri heldu nion.

Feltroa ezagututa mundu bat ireki zitzaizun?

Garai hartan hemen hasi nintzen feltroa ezagutzen eta lan egiten, baina oso zaila suertatzen zitzaidan non ikasi aurkitzea. Bizitzak hala eramanda, Irlandara joan nintzen eta feltroa lantzen zuen elkarte bat ezagutu nuen. Mundu horretako ateak ireki zitzaizkidan. Lau urtez egon nintzen han eta teknika asko ikasi nituen. Handik denbora batera, Euskal Herrira itzuli eta feltroa hemen lantzeari ekin nion, azoketara joanez, baina konturatu nintzen hemen ez zuela arrakastarik. Europako iparraldean askoz ere ezagunagoa eta estimatuagoa da, baina hemen ez. Dena zen traba: pikatu egiten duela, hautsez betetzen dela, ea nola garbitzen den... Funtzionatzen ez zuela ikusita, beste zerbait egiten hasi beharko nukeela pentsatu nuen.

Eta zeri heldu zenion?

Beti izan dut interes handia estanpazio botanikoan; Irlandan nengoela izan nuen lehen kontaktua teknika horrekin. Artilearen gainean estanpatu daiteke, beraz feltroa eta estanpazio botanikoa egin nezakeela pentsatu nuen. Asturiasen ikastaroak egiten dituzte eta hara joan nintzen ezagutzan sakontzera.

Zer da ba estanpazio botanikoa?

Teknika hau duela 8-9 urte hasi zen garatzen, nahiko berria da. Landareek taninoak eta pigmentuak dituzte eta oihalak tindatu daitezke. Urte luzetan tindatu dira oihalak, baina ez dira estanpatu. Orduan, India Flint, artista australiar bat, birziklapenaren eta landareen esentziaren filosofiarekin estanpazioa lantzen hasi zen. Oihal zaharrak hartzen zituen, eta loratutako landareak estanpatzen hasi zen. Bada beste artista bat, Irit Dulman, Israelen bizi dena. Estanpatu ederrak egiten ditu. Berarekin lan egin nahi nuen, eta, 2019an Holandan egon zen tailer bat ematen; hara joan nintzen, eta berarekin egon nintzen astebetez lanean eta ikertzen.

Mundu honek liluratu egiten nau, ederra iruditzen zait, eta uste dut guztiok estimatu behar dugula, erabili eta bota egiten dugun gizarte batean gaudelako, eta antzinakoa den ezer ez dugulako estimatzen, edo dena perfektua izatea nahi dugulako. Ez gara konturatzen ehungintzak zenbat kutsatzen duen. Filosofia hori guztia oso garrantzitsua iruditzen zait. Ulertu egin behar dugu hori, jakin egin behar dugu zer dagoen.

Zuk landutako oihaletan, hostoak, loreak nabarmendu daitezke.

Oihalei, estanpatu aurretik, finkatzailea jarri behar zaie. Izan ere, estanpatzen dugunean oihalak pigmentua eta taninoa hartzen ditu, finkatzeko, zuntzean itsatsita gera dadin, iraunkorra izan dadin, gero oihala garbitu eta ez ezabatzeko. Hori egiteko, ehunak likido mineral batzuetan sartzen dira. Estanpazioaren emaitza hostoen araberakoa ere izaten da, landarea gaztea edo heldua den, bere kasa erori den edo ez, mundu bat da.

Estanpatuak oihal naturalen gainean egiten dira beti. Oihalak bi motatan banatzen ditugu. Zelulosikoak batetik, hau da, landaretik datozenak: kotoia, lihoa, kalamua izan daitezke. Eta bestetik, animaliatik datozenak, proteinikoak: artilea, zeta...

Noiztik ari zara honekin guztiarekin?

2019an hasi nintzen estanpatzen, baina enpresa 2016an sortu nuen, Donostian. Honekin guztiarekin, ordea, 2000. urtean hasi nintzen. Egun, Berrobiko Barazki Bizidunak berotegiaren barruan txoko bat daukat egokituta, bertan dut atelierra eta bertan aritzen naiz lanean. Egiten dudana merkatuetan saltzen dut, eta bestela webgune bat daukat sortuta, online saltzeko. 

Estanpaziorako material botanikoa nondik lortzen duzu?

Gehienbat Berrobitik. Konfinamenduak ikertzen jarraitzeko balio izan dit. Denbora asko pasatu dut Berrobin konfinamenduan, eta egiten nituen ibilaldietan, eskura nituen hostoak hartzen nituen. Egin nituen ikerketetatik abiatuta estanpatzen dut orain.

Nolakoa da estanpazio prozesua?

Lehenik, erabat hutsik dagoen oihal bat hartzen dut eta finkatzailea ematen diot. Mineral eta gatz disoluzioan sartzen dut eta lehortzen uzten dut ondoren. Hostoak kokatu aurretik, oihala urez bustitzen dut. Hostoak zuhaitzetik zuzenean hartuta erabil daitezke, prentsatuta edo lehortuta. Oihalaren gainean jartzen ditut gero, eta beste oihal bat jartzen diet gainetik, hostoak ez mugitzeko, eta hodi edo makila batean biribilkatzen dut. Lotu egiten da jarrian, eta lurrunetan jartzen dut bi orduz. Hostoak, tenperatura altuan dagoenean, barruan duen guztia ateratzen du, bere pigmentu eta tanino guztia askatzen du, eta oihalak finkatzailea duenez, askatutako tinta itsatsi egiten da. Azkenik, material botanikoa gainetik kentzen da eta lehortzean erabilgarri izaten da oihala.

Zer osagarri egiten duzu?

Zapiekin hasi nintzen. Feltroa saltzen ez zenez, Gabonetako azoka batean, artilean eta zetan egin nituen estanpatuak. Mundu guztiak zetazko oihalak nahi zituen eta etorkizuna hor zegoela ikusi nuen. Zetan eta kotoian estanpatzen hasi nintzen. Eta aurten, lehen aldiz, arropa bilduma bat aterako dut: kamisetak, alkandorak edota soinekoak egiten ari naiz. Oihal handiak ere estanpatzen ditut, eta asmoa da oihal handiekin arropa egin ahal izatea.

Eta artilearekin zer lan egiten duzu?

Artilearekin lan egiteko bi teknika mota daude. Bata orratzarekin lantzen dena da, eskultura itxura gehiago lortzen dena, eta, bestea, artilea da, feltro hezea dena, urarekin, xaboiarekin eta igurtziekin erabiltzen dena. Azken honekin bufandak egiten ditut. Artilea beste ehun batzuekin ere fusionatzen dut eta oihal berriak sortzen ditut horrela.

Orain gutxi ikastaroak ematen hasi zara. 

Aurten hasi naiz, bai. Orain arte egin ditudanak Berrobin eman ditut, atelierrean. Maiatzaren 8an izan zen lehena, tinta naturalen ingurukoa. Maiatzaren 21ean estanpazio botanikoaren ingurukoa egin genuen Berrobiko sendabelarrekin. Pasa den igandean artilea eraldatzeko tailer bat egin genuen. Eta hurrengoa ekainaren 19an egingo dut, erronda honetako azkena izango dena. Loreekin estanpazioa egingo dugu. Poltsa bat, tote bag bat eta fular bat estanpatuko ditugu. Fularra proteinikoa da, zetazkoa, eta tote bag-a kotoizkoa. Beraz, bi oihal motak estanpatzen ikasiko dugu. Lore hazitegi bat jarri dut negutegian, eta parte hartzaileek loreak bilduko dituzte estanpatu aurreko momentuan.

«Denbora asko pasa dut Berrobin konfinamenduan eta egindako ibilaldietan hostoak hartzen nituen»

Tailerrak asko prestatzen ditut, asko zaintzen ditut. Teknika bat irakasten dut, baina hori baino askoz gehiago da tailerra, bizipen bat da. Naturarekin harremana izan eta errutinatik deskonektatuz egun bat pasa nahi duten parte hartzaileentzako esperientzia berezia da. Naturarekin eta geure buruarekin berriro konektatzen gara.

Zer ematen dizu egiten duzunak?

Nigandik hain hurbil dauden hostoak eta landareak aztertzean, tokiari eta naturari lotuago sentitzen naiz. Hostoak biltzen ditudanean hasten da sormen prozesua. Behaketa, identifikazio, erabaki eta jakin-min ariketa bat da. Oso aberasgarria iruditzen zait, lehenik eta behin gure ingurumenarentzat, naturala den lan bat egiten ari garelako, baina gero gure izatearentzat ere bai, gure barruan eta naturarekin harreman handia duen zerbait garatzen ari garelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!