Udaberriko kultur programazioa prestatu dute Berrobin

Ataria 2022ko mai. 6a, 11:58

Asteburu honetan, argazkigintzaren oinarriak ezagutzeko tailerrarekin emango zaio hasiera kultur egitarauari. Ekainaren 30era bitartean hainbat jarduera antolatu dituzte.

Berrobiko Udalak udaberriko kultur programazioa aurkeztu du, herriko kultura eta kirol arloko eta tokiko elkarteekin elkarlanean. Hala nola, Txalo Talo, Ibin Kirol Kluba, eskola, Ester Poveda aktorea eta Iriarte jatetxearekin batera. Larunbat honetan izango da lehen hitzordua eta ekainaren 30era arte osatu dute.

David de miguel Berrobiko alkateak esan du udalak "kulturaren aldeko apustua" egiten jarraitzen duela, alor guztietan: dantzan, musikan, ikus-entzunekoetan, antzerkian... Pandemia ostean, udala "ahalegin handia" egiten ari da kultur jarduerak suspertzeko, eta programazioa "indartu" dute, "pandemia aurretik baino jarduera gehiago antolatuz".

Beste gauzen artean, Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan emanaldia eskainiko du maiatzaren 29an, 19:00etan, non bertsolarien sorkuntzaren eta dantzaren arteko bidegurutzetik abiatuko den. Bestalde, Sotto Voce taldeak Hari kantariak emanaldia eskainiko du ekainaren 18an, 19:00etan, San Andres elizan; "estilo eta garai ezberdinetako musikarekin bidaia bat izango da".

Horiez gain, ekainaren 3an, Carolina Ruedak, ahozko narrazioan 32 urte baino gehiagoko esperientzia duen nazioarteko kontalariak, eta May Gorostiaga kulturgileak, helduentzako ipuin bana interpretatuko dute: Viajes, gentes y caminos eta Nire munduan. "Hainbat jatorritako ipuinen nahasketa izango da, non ahozko tradizioko eta literatura unibertsaleko kontakizunak bilduko diren, pasadizo pertsonal bat zabaltzen duen elkarrizketa eszeniko batekin bilbatuz", azaldu dute.

Azoka eguna

Maiatzaren 22an udaberriko azoka izango dute, herriko plazan, 10:00etatik 14:00etara. Tolosaldeko 15 ekoizle baino gehiagok hartuko dute parte eta plaza goxatzeko musika jarriko dutela aurreratu dute. Egun horretan bertan, Berrobiko dantza taldeak emanaldia eskainiko du 17:30ean eta ekainaren 10ean, 15:00etan, eskolako ikasleen ikasturte amaierako antzerkiaz eta Txalo Talo herriko konpainiaren Zaharrak berri antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Azken hau, 22:00etan izango da.

Argazki lehiaketa

Asteburu honetan, argazkilaritzaren oinarriak ezagutzeko ikastaroa egingo dute, Etxolan, 10:00etatik 12:00etara. Eta horrekin batera hasiera emango zaio aurtengo argazki lehiaketari. Bi kategoriatan banatuko da lehiaketa: batetik, 8 eta 14 urte bitartekoak eta bestetik, 14 urtetik gorakoak. Argazkiak egiteko gaia Berrobiko txokoak izango da, eta herriko mugen barruan egin beharko dira.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez 3 argazki bidali ditzake, titulu batekin. Erresoluzio handian egin beharko dira eta JPG formatuan bidaltzeko eskatu dute. Horizontalak izan beharko dute, 2-10 MB pisukoak.

Argazkiak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 27an izango da, eta liburutegia@hotmail.com helbidera bidali beharko dira. Parte hartzailearen izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira mezuan. Jasotako argazkiekin erakusketa bat jarriko dute ekainean, eta Berrobiko egutegian erabiliko dira.

Epaimahaia hiru kidek osatuko dute eta sari banaketa ekainaren 20an egingo da. Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira.

Egitaraua

  • Maiatzak 7
    • 10:00-12:00. Argazkilaritzaren oinarriak ezagutzeko ikastaroa.
  • Maiatzak 11
    • 18:00-20:00. Emakumeen topaketak, Etxolan. Sexualitatea emakumeengan, autoezagutza edozein adinetan.
  • Maiatzak 12
    • Goizean. Herriko eskolan
    • 19:00. Arrastoan dokumentala, Laponiako eski zeharkaldiaren inguruan, udaletxean.
  • Maiatzak 15
    • Meza eta ondoren herriko baserritarrentzako hamaiketakoa Iriarten.
  • Maiatzak 16-20
    • Atzeko txokoko pilota txapelketa.
  • Maiatzak 18
    • 17:00. Sukaldaritza ikastaroa Felix Belaunzaranekin, Bide Ona elkartean.
  • Maiatzak 22
    • 09:00. Mendi irteera Uzturrera.
    • 10:00-14:00. Udaberriko azoka.
    • 17:30. Herriko dantzarien emanaldia.
  • Maiatzak 24
    • Irakurle taldeak Koldo Alijostesen Bizitzak eleberria aztertuko du.
  • Maiatzak 29
    • 19:00. Haatk dantza konpainiaren Errimak bi oinetan ikuskizuna herriko plazan.
  • Ekainak 2-30
    • Argazki lehiaketako erakusketa.
  • Ekainak 3
    • 19:00. Helduentzako ipuin ikuskizuna Etxolan. May Gorostiaga eta Carolina Rueda. Nire munduan eta Viajes, gentes y caminos.
  • Ekainak 9
    • Literatura eta argazki lehiaketako sari banaketa
  • Ekainak 10
    • 15:00. Eskolako ikasleen emanaldia.
    • 22:00. Txalo Talo antzerki taldearen Zaharrak berri antzezlana.
  • Ekainak 18
    • 19:00. Sotto-Voce laukotearen Hari kantariak emanaldia, elizan.
  • Ekainak 22
    • 18:00-20:00. Emakumeen topaketa, Etxolan. Emakumea eta Natura: sua, ura, itsasoa eta haizea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!