Aurtengo lanen artean, pilotalekua eraberrituko dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 16a, 11:59

2022ari aurre egiteko 703.000 euroko aurrekontua onartu du Berrobiko Udalak; besteak beste, frontoiko frontisa eta alboko pareta iragazgaiztuko dituzte.

Berrobiko udal gobernuak onartu berri du 2022rako aurrekontua. Urte honetan gastatzeko 703.000 euroko aurrekontu proiektua prestatu dute. David de Miguel alkateak esan duenez, "herritarrentzat bideratutako aurrekontuak dira, pandemiaren ondoren normaltasuna berreskuratzeko egindako kontuak". Pertsona "ahulenak" eta azken bi urteetan "gehien sufritu duten sektoreak" hartu dituzte kontuan. Gehitu duenez, "susperraldiko aurrekontuak" dira.

Urteko inbertsiorik garrantzitsuena frontoia eraberritzea izango da. "Hezetasun eta iragazpen arazoak ditu egun eta eguraldi txarra egiten duenean ezin izaten da erabili". Hori horrela, frontisa eta alboko pareta iragazgaiztu eta konponduko dituzte. Udala harremanetan jarri da konponbide teknikoak eskaintzen dituzten hainbat enpresekin, eta kirol azpiegituraren «egoera larria» ikusita, udal soberakinaren zati bat erabili beharko da zaharberritzeko. Lan horiek egiteko 110.000 euro baino gehiago erabili beharko dituztela aurreikusi dute.

Kultura sustatzeko

Era berean, alkateak azaldu du udal gobernuak 44.500 euroraino igo duela kultur eta jaien jardueretara bideratutako partida, "aurtengo programazioa zabaltzeko eta indartzeko". Aurrekontu sail horri 15.000 euro gehitu behar zaizkio, Berrobiko elkarteentzako bideratuko dituzten diru laguntzak izango baitira. "Kultura giltzarritzat jotzen dugu pandemiak eragindako krisiaren ondoren gure gizartea suspertzeko". Kultura Berrobiren garapenerako "funtsezko faktorea" dela ziurtatu du, eta esan du kultur jarduerak antolatu ahal izateko bikoiztu dutela aurrekontuko partida. "Helburua da COVID-19a iritsi aurreko egutegiaren antzeko zerbaitekin jarraitzea, hilero kultur programa xume bat antolatu nahiko genuke".

Bestalde, energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egin nahi dituela ere esan du De Miguelek. Horretarako, aurtengo aurrekontuetan 15.000 euroko partida aurreikusi dute eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat instalatuko dute. Zehazki, bi plaza izango dira udaletxearen ondoan, eta %100eko energia berriztagarria izango dute, eguzki plakek hornituta.

Udaletxean bertan, irisgarritasuna lantze aldera, igogailu bat jartzea aurreikusi dute, eta 12.000 euro bideratu dituzte. Azken solairuan udal liburutegia dago, baita erakusketa eta jarduera soziokulturaletarako erabilera anitzeko gela bat ere, beraz, "oso onuragarria" izan daitekeela esan du alkateak.

Urtero egiten dituzten landa bideen konponketekin ere jarraitu nahi du udalak eta baserrietarako sarbideak ere konponduko dituzte. Lan horiek egiteko 50.000 euroko partida jaso dute, eta aurten, inbertitzeko ahalegina Usarre bidea konpontzen egingo dutela kontatu du.

Markesina berria

Tolosa eta Berastegi batzen ditu Lurraldebusek eskaintzen duen autobus zerbitzuak. Tartean, Berrobin egiten du geldialdia, eta autobusari itxaroteko leku bat egokitu du Berrobiko Udalak markesina berri bat jarrita. "Orain arte autobusa gelditzen zen lekuan ez zegoen itxaroteko nahikoa leku, eta euria egiten zuenetan, teilatu-hegal labur bat baino ez zuten babesteko", esan du De Miguelek. Orain arte lurrean edo eskaileretan eserita itxaroten zuten, eta orain babeslekua izango dute markesinan.

Berezko asmoa egungo geltokia handitzea zen, baina "arazo teknikoengatik", geltoki berria metro batzuk mugitu behar izan dute. Horrela "guztiz irisgarria" den geltoki bat egin dute. Hori koloreko baldosa bereziak jarri dituzte errepide ertzean, geralekuaren kokapena adierazteko.

"Bisualki eragin handirik ez zuen markesina aukeratu dugu, alboetan haizetik babesteko kristalezko babesgarriak dituena". Guztira 7.907,35 euro gastatu dituzte lan horiek egiten. Horri, baldosak jartzeko kostua gehitu beharko zaiola azaldu du alkateak, Atseden kaleko urbanizazioan lanean ari direlako eta lan horiekin batera egin dutelako baldosena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!