Emakumeen ahalduntzea bultzatzeko tailerra antolatu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 11a, 13:54

Martxoaren 16an izango da lehen topaketa eta martxoaren 14a baino lehen eman beharko da izena udaletxean. Saioak doakoak izango dira.

Emakumearen Nazioarteko Eguna pasa berritan, Berrobiko Udaletik emakumeen parte hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte, Ester Poveda aktoreak zuzenduta. Tailer bakoitzean artista gonbidatu batek hartuko du parte. Guztira lau topaketa egingo dituzte, hilean behin, asteazkenetan, 18:00etatik aurrera, udal eraikin ezberdinetan.

Topaketa horiek kultura ezberdinetako emakumeak izango dituzte ardatz eta hitzaldi bat, tailer parte hartzaile bat eta antzerki irakurketa bat antolatu dituzte.Udalak gune seguruak bultzatu nahi ditu, "matxismorik gabekoak". David de Miguel alkateak esan duenez, topaketa horien helburua kultura ezberdinetako emakumeei buruz eztabaidatzea da, ikuspuntu eta berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko.

Lehena martxoaren 16an izango da. Kulturen arteko batasuna: ekialdeko dantza ezagutzea. Emakumearen helburua eta erabilera izena deitu diote lehen saioari. Hizkuntza haragia ipuinaren irakurketa dramatizatua egingo da arabieraz eta euskaraz, eta Aziza Laamoum eta Ester Poveda izango dira irakurleak. Amaitzeko, 19:30ean askari bat egingo dute pasta arabiarrarekin eta Marokoko tearekin.

Apirilean topaketaren gaia Txinako emakumeen idazkera sekretuari buruzkoa izango da. Nü Shu izeneko artea ezagutzeko hitzaldi bat egongo da, munduan emakumeek erabiltzeko idazketa sistema bakarra dena. "Adiskidetasunaz eta zoriontasunaz hitz egiten zuten mezuak brodatzen dituzten abaniko, bufanda, txano eta gerrikoetan, eta elkarren artean trukatzen zituzten", azaldu dute udaletik. Tailerrean idazkera hori praktikan jarriko da. Ondoren, merienda izango da janari txinatarrarekin.

Maiatzerako Autoezagutza eta sexua helduaroan izeneko tailerra antolatu dute, non sexuaz hitz egiterakoan aurkitzen diren tabuak ezabatzeko helburua duen. Azkenik, ekainean, udako solstizioa dela eta, emakumearen eta naturaren arteko harremana aztertuko da: sua, ura, itsasoa eta airea. "Gure nortasunarekin lotutako lau elementuak ezagutzeko saioa izango da, eta alderdi praktikoan, musikarekin eta pinturarekin jardueran egingo dira, koloreen bidez emozioak paper batean islatuz".

Parte hartu nahi duten emakumeek martxoaren 14a baino lehen eman behar dute izena udaletxean, eta saioak doakoak izango dira. Proiektuak 1.600 euroko kostua du, eta Espainiako Gobernuak finantzatzen du, Genero Indarkeriaren aurkako estatu itunaren funtsen bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!