«Geure buruaz ikasteko balio digu antzerkiak»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2022ko mar. 10a, 19:59

Martxoaren 26ra arte luzatuko da Ahoz Aho jaialdia; Tolosan ez ezik, Albizturren, Amezketan, Ibarran eta Lizartzan izango dira saioak eskualdean, eta, beste urte batez, Berrobin bizi den Ester Poveda aktoreak hartuko du parte.

Sormen prozesu bete-betean dago, Ester Poveda (Elx, 1976). Oholtza gainean zein atzean gustuko duena landuz, mundua ikusteko eta aldatzeko ondar aleak jartzen ditu. Aktore, Ahoz Aho jaialdian beste behin parte hartuko du aurten, Esterren Mundua ipuin kontaketarekin. Euskara bereganatu eta publiko gazteenaren aurrean eroso sentitzen dela aitortu du.

Ahoz Aho jaialdiarekin beste behin duzu hitzordua.

Oso gertukoa dut jaialdia. Intujai konpainiak eta Elxen lan egiten nuen antzerki konpainiak elkarlanean antolatzen zituzten ahozkotasunaren jaialdiak eta honela etorri nintzen ipuin kontalari 2009an Ahoz Ahora. Jaialdi hau tarteko, Euskal herrira bizitzera etorri nintzen eta hainbat aldiz parte hartu dut narratzaile gisa, baita publiko bezala ere.

Zer eskainiko duzu aurtengo jaialdian?

Aurten martxoaren 25ean Ordizian Esterren Mundua ipuin kontaketa eskainiko dut, familiei zuzendutako saioa. Bestalde, Amarotzeko Pailaztana Junior antzerki eskolako nire ikasleek ere kalean emanaldia eskainiko dute, martxoaren 26an.

'Esterren Mundua'-n nora eramango dituzu ikusleak?

Han eta hemen ibilia naiz ahozkotasunaren eta kaleko antzerki jaialdietan, Mexiko, Thailandia, Txina eta Marokon esaterako. Jaialdi hauetan munduko ipuinak eta fabulak, kultura ezberdineko narratzaileen ahotatik ezagutzeko aukera izan dut. Esperientzia guzti hauen batuketa da Esterren Mundua ipuin kontaketa, dantza eta jolasak tarteko dituelarik. Oso oinarrizko gertakariak aipatuko ditut, zergatik egiten duen euria adibidez, baina ipuinen magiatik.

Zer ikasi duzu Euskal Herriko kontalarietatik?

Kontalari askok oso giro intimoan eta goxo-goxo kontatzen dituzte ipuinak eta oso deigarria izan zen hori. Nire kontatzeko modua oso adierazkorra da, guztiz kontrakoa eta euskal kontalariek modu intimo horretan haurren arreta mantentzen dutela ikustea interesgarria izan zen.

Euskara ikasi eta oholtza gainean euskaraz.

Umeentzako saioak egiten ditut euskaraz, eroso sentitzen naiz publiko horren aurrean. Helduentzako saioak euskaraz egitea gustatuko litzaidake, baina denbora behar dut horretarako. Hizkuntzarekin oholtza gainean eroso eta lasai sentitu nahi dut. Nire semeei ipuinak euskaraz irakurriz hizkuntzara hurbiltzea lortu nuen eta oholtza gainera igo baino lehen beraiek izan ditut publiko.

Ipuinak etxeko txikienentzat direla uste dugu oraindik.

Gurasoak eta aiton-amonak etortzen dira beraien umeekin, baina helduentzako ipuin kontaketetan publikoa erakartzea kosta egiten da oraindik. Helduok ere ipuinak behar ditugu, beldurrezkoak, erotikoak, fantasiazkoak… gauza asko irudikatzen dituzte eta pentsatzera eramaten gaituzte.

Antzerkia eta ipuinak lotzea ekuazio ederra, ezta?

Bidanian egin genuen eta oso polita izan zen. Alberto Ruizen Txori Ilunak ipuina dramatizatu genuen liburuaren aurkezpenean. Gernikako bonbardaketa du ardatz ipuinak eta mikro antzerki bat egin nuen Aloña Izagirrerekin, Berrobiko antzerki taldeko kidearekin. Esperientzia hau liburutegi edo areto ezberdinetan egiteko asmoa dugu.

Helduentzako liburu baten aurkezpenetik, helduentzako mikroantzerki saio bat ere sortu duzu.

Mareak liburua aurkeztera etorri zen Toti Martinez de Lezea eta aurkezpen hartan egin zuen sarrera hura barruraino sartu zitzaidan. Etxera itzuli eta idazleak irudikatu zituen emakume guzti haiek nituen buruan. Gidoi zoragarria zen eta emakume haiek gorpuzteko gogoa nuenez, baimena eskatu nion idazleari, berak eman eta La Otra Historia mikro antzerkia sortu nuen.

Arrantzarako sarea duzu aliatu saio horretan.

Getariatik ekarri zidaten arrantzarako sarea dut buruan, eskuartean, beso artean, lepoan…itsaso usaina dario oraindik eta joko handia ematen dit aipatzen ditudan emakume haiei bizia emateko.

Emakumea eta hauen ongizatea oso presente duzu eskuartean dituzun proiektuetan.

Nire lanean emakumea oso presente dago, neuk emakume aktorea ordezkatzen dudalako oholtza gainean. Mundua aldatzen hortik hasten gara. Gero edukiei dagokienean, emakumeen ahalduntzea eta antzerkia lotu ditut hainbat tailerretan eta orain esku artean Emakumeen Topaketak ditut.

Zertan datza?

Lau saiotan banatu ditut topaketak eta helburua emakumeen arteko sarea indartzea da, giro goxo eta erlaxatuan hainbat gai landuz. Antzerkia, dantza, literatura, tailerrak, hitzaldiak eta gastronomia uztartuko ditugu. Lehen saioan adibidez, Ekialdeko dantzak zergatik erabiltzen ziren ikasiko dugu. Gaur egun dantza erotiko bezala ezagutzen den horren oinarria emakumearen erditze prestaketan zegoen; sabelaren mugimenduaren bidez estasi modukoan sartzen zen emakumea, erditzea gozoagoa izateko. Gai honen bidez, unibertsalak diren gaiak lantzera iritsiko gara, erditzea, sabela erakustea, dantzatzea… Ipuin kontaketa egingo dugu ondoren, arabieraz eta euskaraz eta meriendarekin amaituko dugu.

Non egingo dituzu topaketa hauek?

Berrobin izango dira; martxoaren 16an lehen saioa, eta ekaina bitartean, hilabetean behin, besteak. 18 urtez gorako emakumeei zuzenduta daude eta gustatuko litzaidake adineko emakumeen presentzia izatea bertan, giro goxoan, konplizitatea, elkar ezagutza eta ulertzea sendotzeko.

Oholtza gainean edo atzean aritzea duzu gustukoago?

Dakidana erakustea maite dut eta aldi berean agertoki baten gainean zoriontsu naiz! Eskualdean ditudan antzerki taldeetan irakasle gisa asko gozatzen dut. Antzerkiak geure buruaz ikasteko balio digu, abileziak azaleratzeko, lotsak bazterrean uzteko, beste pertsonaia batean bihurtzeko, geure burua baloratzeko azken batean.

 

AHOZ AHO EGITARAUA

TOLOSA

Martxoak 12 eta 13. Narrazio ikastaroa, Amarozko Auzo etxean.

Martxoak 12. La Matrioska konpainia, Berazubiko auzo elkartean, 20:00etan. Helduentzat. Gazteleraz.

Martxoak 16. Ahozkotasunaren gala nagusia, Leidorren, 10:00etan. Umeentzat. Euskaraz eta gazteleraz. 17:00etan, Saroa Bikandi, Amarozko Auzo etxean.

LIZARTZA

Martxoak 13. Ahozkotasunaren gala nagusia, udal aretoan, 20:00etan. Helduentzat. Euskaraz eta gazteleraz.

IBARRA

Martxoak 14. Boni Ofogo Kamerungo kontalaria ariko da, kultur etxean, 18:00etan. Gazteleraz, haurrentzat.

Martxoak 16. Iñaki Carretero, kultur etxean, 18:00etan. Euskaraz.

AMEZKETA

Martxoak 15. Maider Alcelay eta Igor Sala, kultur etxean, 18:00etan. Haurrentzat. Euskaraz.

ALBIZTUR

Martxoak 25. Ifigeneia Kadridoni (Grezia), eskolan, 14:30ean. Haurrentzat. Gazteleraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!