Bizitzaren kapitulu bakoitzean dozena bat ate gutxiago egongo balira bezala. Behin ate bat irekitakoan agur aukeratu ez dituzun gainontzekoei, galdu dira. Agian azalduko dira berriz, kartetan jolasean bota duzun zazpiko ezpata itzultzen denean bezala, halere, eskuan dituzun kartak ez dira jada aurrekoan zenituenak eta beraz, ezingo duzu lehen pentsatutako jokoa egin. Horrekin bizi beste erremediorik ez dago, zazpiko ezpata etorri zaizunean etorri zaizula eta ahal zenuena egin zenuela.
Hori esatea egitea baina errazagoa egiten zait. Ate sorta berri bakoitzaren aurrean nagoenean buruari bueltaka hasten naiz, ordura artekoaren hausnarketa edo balorazioa egiten. Nire baitan bizi diren ni guztien barne-bilera jendetsua antolatzen dut, ustez nahi dudan zera horretara eramango nauen bidean pausoak egiteko. Halakoetan jabetzen naiz, «Nor izan nahi duzu?» galdera ez zidatela horrenbestetan egin eta agian hori ere kontuan hartu beharrekoa dela. Lehen galdera bat ezin erantzun eta orain bi! Eta galdera gehiago badaude, zer? Hortxe hasten zait burua zentrifugatzen ari den garbigailua bezala bueltaka ziztu bizian. Buelta, buelta, buelta.
Egunak ematen ditut zentrifugatzen, bizitzak inbutu formarekin ikusi arte. Geroz eta barrurago, geroz eta estuago. Baina aldi berean, bizitza aireportuetan dagoen zinta mekaniko horietakoa bezala dela ere iruditzen zait, zutik ezer egin gabe gaudenean aurrera doana. Inbutu batean sartutako zinta mekanikoa, horixe.
Krakateko ozen batekin gelditu zitzaidan garbigailua eta pentsatu nuen agian bizitza hauskorregia dela gauzei horrenbeste buelta emateko
Eta hala nenbilela, hezur muineraino izoztu ninduten berriek pentsarazi zidaten ezusteko haize-erauntsi batek bizitzako ate guztiak itxi eta karta guztiak leihotik bota ditzakeela. Krakateko ozen batekin gelditu zitzaidan garbigailua eta pentsatu nuen agian bizitza hauskorregia dela gauzei horrenbeste buelta emateko.