Final lehiatuak Berrobiko frontenis txapelketan

Naiara Roldan de Aranguiz 2021ko abe. 4a, 20:34

Mutilen binakako txapelak Xabi Goikoetxeak eta Erik Sagastumek jantzi dituzte; txapelketa mistoko garaileak Olaia Garaiburu (gaurkoan Mireia Barriola ordezkatuz) eta Julen Garaiburu izan dira; nesken binakako irabazleak Oihane Vergara eta Enara Lasarte izan dira eta azkenik, mutilen banakakoan Ion Jauregik jantzi du txapela.

Berrobiko XXIX. Jon Ander Izagirre Frontenis Txapelketaren finalak lehiatu dira gaur arratsaldean, 15:30ean hasita. Arratsalde euritsu eta ilun honetan lau finalek hartu dute protagonismoa Berrobiko Urreburu frontoian. Iluntzeko zortziak bitarte luzatu dira Ibin kirol klubaren laguntzarekin lehiatutako partidak.

Lehen partida mutilen binakakoa izan da. Aurrez aurre, Xabi Zubiria eta Jon Ander Arregi bikotea eta, Xabi Goikoetxea eta Erik Sagastume bikotea izan dira. Markagailuak 30-26ko aldea markatu du Goikoetxea eta Sagastumeren alde.

Jarraian, txapelketa mistoaz gozatu ahal izan dute Urreburuko ikusleek. Honakoan, azken orduko baja bat medio Mireia Barriolaren tokia hartu du Olaia Garaiburuk. Zorteak Garaiburutarren alde egin du. Markagailua 24-30eko emaitzarekin amaitu da.

Hirugarren norgehiagokan neskak aritu dira nor baino nor. Oihane Vergarak eta Enara Lasartek Nagore Lizardi eta Mireia Lecea garaitu dituzte, erakustaldi ederra eskainiz. 22-30 izan da markagailuak erakutsitako azken emaitza.

Azkenik, mutilen banakakoari egokitu zaio. 19:00ak pasatxo zirenean, Ion Jauregik eta Erik Sagastumek lehiari ekin diote. Benetan partida lehiatua izan da azkeneko hau. Azken aurreko tantora 29na iritsi dira. Azken sakea atera aurretik, bi kirolariek elkarri animoak eman, publikoaren txalo zaparrada jaso eta berriro partidari ekin diote. Tantoa Ion Jauregirentzat izan da. Markagailua 30-29 itxiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!