Arropa lehortzeaz

"Hau horrela egiten da", ileak tente jartzen dizkidan esaldia da. Onartzen dut norberaren egiteko moduak zuzentasunarekin nahasten dituen lehena naizela, baina bereizketa egitea ezinbestekoa da. 

Egunerokotasunetik adibide bat jarriz, nire etxean galtzak behealdetik zintzilikatuta lehortzen ditugu leihoko esekitokian, eskuineko bizilagunak gerrialdean jartzen ditu pintzak eta ezkerrekoa da galtzei lehortzeko buelta ematen dien bakarra. Lehenengo solairukoek, ordea, ez dute kanpoko esekitokirik ere, beraz etxe barruan lehortu beste erremediorik ez dute. Ondoko etxekoa konbentzituta dago arropa kanpoan lehortzea ideia oso txarra dela eta lehorgailuan sartzen ditu eta goiko baserriko bizilagunak ez du galtzarik soinekoak asko gustatzen zaizkiolako. Zein da galtzak lehortzeko modu onena? Denak balekoak dira, lehortzen badira behintzat.

Norberarena gauzak egiteko modu bat da, ez gauzak egiteko modu bakarra. Hortxe dago gakoa, pausotxo bat atzera eman eta gauzak distantziatik begiratzea konturatzeko norberaren bizimodua ez dela unibertsala. Behin ideia honi buelta pare bat eman eta bonbilla piztean jabetzen gara mundua ez dela gure zilborrean ez hasi eta ez bukatzen. Gure bizimodua antzekoago eta desberdinagoak diren beste batzuekin elkarbizitzan dago. Buruan klik hau egitea tolerantziaren bidean pauso bat egitea da, baina gero ibiltzen jarraitu behar da. Inor ez da dekonstruituta jaiotzen, pauso bakarrean inor Uzturreko puntara igo ez den modu berean. Aniztasuna garrantzitsua dela onartzeak esan nahi al du gauzak egiteko modu guztiak direla era berean errespetagarriak? Bai eta ez.

Hortxe dago gakoa, pausotxo bat atzera eman eta gauzak distantziatik begiratzea konturatzeko norberaren bizimodua ez dela unibertsala

Arropak nola lehortu behar diren erabakitzeko bada ziurrenik bai, Oria ibaian igerian besoa uretatik kanpo duzula bakeroak aireratu nahi badituzu ere. Baina eztabaida urrunago eramanez gero segituan zailtzen da kontua eta orduan denak ez du balio. Norberaren moduek ingurukoenak kontutan hartu eta errespetatu behar dituzte, alferrik gabiltza nik nirea egiteak zuk zurea ezin egitea badakar. Nire eskubideak bestearenak hasten direnean bukatzen dira, dio esaldi famatuak. Beraz, esan dezagun aurrerantzean: «Guk horrela egiten dugu gure etxean, eta zuk?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!