Pilotalekua eta kirol pista berrituko dituzte Berrobin

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 18a, 10:29

David de Miguel Berrobiko alkateak agintaldian daramatzan bi urteetako balorazioa egin du; etorkizunera begira ere dituzten egitekoak zehaztu ditu.

Agintaldiaren erdia beteta, Berrobiko alkatea den David de Miguelek esan du alkatetzako bi urteak "ilusioz beterikoak" izan direla, pandemiak lana "zaildu" badu ere. "Osasun, ekonomia eta gizarte krisiak sakonki markatu du agintaldi hau, eta tokiko gobernuak erabakitasunez egin dio aurre", esan du. Hala, bi urteen balorazioa egin du, eta herriko 250 etxebizitzetan banatu duten aldizkari batean eman dute horren berri.

Etorkizunari begira egingo dituztenak ere aipatu dituzte aldizkarian, eta alkateak iragarri du pilotalekua eta kirol pista eraberrituko dituztela, paretak margotuz eta bankuak jarriz. Horrez gain, kantxako zorua eta ekipamendua berrituko dute, kirol anitzeko pista bihurtu dadin. Proiektu horrek 90.000 euroko inbertsioa eskatzen du. 

Bestalde, autobus geltokia eraberritu nahi dutela azaldu du alkateak, "erabiltzaileek autobusa iritsi arte euritatik babestu daitezen markesina bat jarriz". Eta esertzeko banku bat ere jarriko dute.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako lankidetzari esker, Berrobiko bizilagunentzako Tokiko Energia Komunitate bat eratzea sustatuko da. "Proiektu hori sekulako aurrerapausoa izango da udalerriko trantsizio ekologikorako, eta gainera, poltsikorako onuragarria izango da; alegia, Berrobiko TEKan izena emanda daudenek, gutxi gorabehera %20 aurreztuko dute argiaren fakturan".

Horretarako, udal estalkietan espazioak utziko dituzte TEK Berrobiren bidez partekatutako plaka fotovoltaikoak jartzeko, hala nahi duten herritarrek energia elektrikoa autokontsumitzeko aukera izan dezaten, "betiere etxebizitza eskolatik 500 metrora dagoenean". De Miguelek azaldu duenez, egunean zehar elektrizitatea sortuko da, etxeek kontsumitu dezaten, eta gainerako orduetarako tarifa merkeagoa lortzeko negoziatu beharko du energia komunitate osoak. Gainera, eskolako patioko estalkian 70 eguzki plaka jarri dira, eskola, udaletxea eta gainerako udal eraikinak hornitzeko, faktura elektrikoa murriztuz. 

Espazio publikoan ere hobekuntzak egin dituztela gogoratu du, "Berrobi ahalik eta toki irisgarriena izan dadin". Urrian hasi ziren Atseden kalean baldosazko espaloi berri bat egiteko obrak, aparkalekutik egungo espaloia amaitzen den tokiraino. Eta kale berean oinezkoen pasabidean irisgarritasuna bermatzeko obrak egin dituzte, koska kenduz. Eta oinezkoentzat lagungarri diren barandak ere jarri dituzte, besteak beste, herriko plazako eskaileretan, Ermita auzoko eskolako behealdean, udaletxeko aldapan, elizako eskaileretan eta Sorone aldean. Horrez gain, aurtengo lanetan, eskola atariko haurren parkea ere berritu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!