Antzerki bidezko autoezagutza tailerra antolatu du Berrobiko Txalo-talo antzerki taldeak, Berrobiko Udalaren laguntzarekin. Asteburu osoko egonaldi batean egingo dute tailerra, abenduaren 11an eta 12an, gaua barne, Berrobin bertan. Izena emateko azken eguna azaroaren 19a, ostirala izango da.
"Jendeak pentsa dezake bere burua ondo ezagutzen duela, baina emango ditugun erreminta txiki batzuen bidez, antzerkiaren bidez, jendeak norbere burua hobeto ezagutzeko tresnak aurkituko ditu", dio Ester Poveda irakasleak. Tailerra gidatzen ariko da Poveda, Aran Rodasekin batera. Antzerki munduan ikasketak dituzten berrobitarrak dira, Txalo-talo taldeko kideak biak.
"Talde giroa sortzeko" prestatu dute asteburu osoko egonaldia, eta taldea osatzen bada, Berrobiko Arkaitza nekazalturismoan pasako dute gaua. Tailerra larunbat goizean, abenduaren 11n hasiko da: 09:00etan harrera egingo zaie parte hartzaileei, eta 09:30ean hasiko dira saioekin 13:30era arte. Elkarrekin bazkaldu eta 16:00etatik 20:00etara egingo dute eguneko bigarren saioa. Gaua igarota, igandean, 09:30etik 13:30era egingo dute, eta egun horretan ere elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute. Jarduera batzuk aire librean egingo dituzte, eta beste batzuk barruan; guzti-guztiak Berrobin.
Irakasleek aurreratu dutenez, gaua pasa nahi ez duenak tailerreko saioetara soilik joateko aukera izango du. Asteburu guztiko egonaldia nahi duenak, aldiz, 75 euro ordaindu beharko ditu gastu guztiak barne.
Edonorentzat
Gogorarazi dute 18 urtetik gorako edonorentzat dela, eta ez dela beharrezkoa antzerkiko ezagutza izatea. "Asteburu ezberdin bat pasa nahi duenak aukera bikaina izango du, eta nork bere buruaz pixka bat gehiago jakin nahi duena ere ongietorria izango da", dio Rodasek.
Tailerreko saioetan ariketa ezberdinak egingo dituzte, dinamikoak eta praktikoak, bakarka zein taldeka. Teoria pixka bat ere emango dute, beharrezkoa den kasuetan. "Ariketa guztiek helburu bat izango dute, helburu txiki bat, bakoitzak bere burua ikus dezan, ikus dezan zein gaitasun dituen; askotan muga asko dauzkagu, eta jendea zentzu horretan irekitzea nahi dugu: nahiz eta ez egin hain ondo, zergatik ezin dezaket egin?".
Segurtasun gabeziak ere landuko dituztela esan dute, "horiek identifikatu eta onartzeko". "Egunerokoan agertzen zaizkigun muga horiek ikustea ere bada helburua, baina, orokorrean, asteburu eder bat pasatzean datza, ingurukoa ahaztean", esan du Povedak.
Irakasleak parte hartzaileak "laguntzeko" egongo direla dio Rodasek, "bakoitza ireki dadila nahi duen adina, bakoitzaren mugen barruan".
Izena ematea
Azaroaren 19an amaituko da izena emateko epea. Honako bide hauek erabili daitezke: txalotalo@gmail.com helbidea, 676 246 019 telefonoa edota Berrobiko udaletxea. Hala ere, informazio gehiago nahi duenak aipatutako bideak erabil ditzake.