Egia da aldaketa batzuk besteak baino errazago onartzen ditugula. Adibide erraz bat, gutxik ukatuko lukete zuhaitz gehienak berdetik horiztara pasatzen ez direnik urtaroak igaro ahala. Bestalde, nabaria da gu geu ere ez garela duela bi urteko berak, ez itxuraz ez iritziz. Baina gauzak horren argi ikusi eta onartzea zailagoa da beste kasu batzuetan. Ohitura, tradizio, balio eta orokorrean, gizartearen aldaketez ari garenean kopeta belzten dute askok eta betikotasunaren argumentu famatuaren atzean gordetzen dira.
Antropologoa naiz ofizioz (eta pelma afizioz), beraz sarritan topatu eta kudeatu behar izaten ditut halakoak. Ikertzaile lanetan nabil azkenaldian eta elkarrizketa asko egiten ditut gaur egun sustraituta ditugun ohitura batzuk iraganean nola ziren ezagutzeko. Hizketaldi bakoitzarekin garbiago iruditzen zait ez dagoela aldaketarik gabeko tradiziorik, are gehiago, tradizioek eta tradizioak aldatzeko beharra dutela biziraungo badute. Ez hori bakarrik, tradizioak gure bizi-ziklotik eta esperientziatik haratago doazela. Beraz, guk nabaritu ez izanak ez du esan nahi aldaketarik izan ez denik, eta aldi berean, gure premiak aseta egotea ez da aldaketarako behar faltaren seinale.
Galdera zera da orduan: Zergatik gotortzen dira batzuk betikotasunaren izenean? Ez al dira jabetzen gauzak betiko moduan eta inoiz aldatu gabeak balira gaur egungoa ez litzatekeela den bezalakoa izango? Badakit aldaketak sortzen duen zalantza eta ziurgabetasuna ez direla atseginak, baina agian zentzu horretan deserosoago bizitzen ikasi behar dugu. Ez naiz lehena kontu hauetaz hausnarrean, ez nator originaltasunaren bandera astintzera, ziurrenik goizean hamaika aldiz jo duen iratzargailuarekin baino nazkatuago gaude gai honekin, eta orain nik esan dudalako ez zaio eztabaidari amaiera emango. Halere, ederra litzateke betikotasunak (edo betikokeriak agian) alde batera utziko bagenitu, gauzak nondik eta zergatik etorri diren ulertzeko saiakera handixeagoa egingo bagenu, hala, nora eta nola joan nahi dugun jakin dezagun.