Berrobiko Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 21a, 14:33

Herria "elkarlanaren eta inplikazioaren eredu" izan dela esan du David de Miguel Berrobiko alkateak; bilaketa lanetan modu batean edo bestean parte hartu dutenak eskertu ditu.

Atzo arratsaldean aurkitu zuten sei egunez desagertuta egon den Berrobiko 33 urteko gaztea, eta David de Miguel Berrobiko alkateak esan duenez, "oso albiste ona" da herriko bizilaguna "egoera onean" aurkitu izana.

Berrobiko Udalaren izenean "eskerrak eta zorionak" eman dizkie berrobitar guztiei eta boluntario taldeei, herritarra bilatzeko lanetan izandako mobilizazioa nabarmenduz: "Herri gisa, elkarlanaren eta inplikazioaren eredu izan gara. operazio hau koordinatu duten pertsonek aitortu dute gutxitan aurkitzen dituztela hain boluntario motibatuak eta elkartuak, eta, aldi berean, mendian bilatzeko esperientzia dutenak".

Era berean, Eusko jaurlaritzako Babes Zibileko Zerbitzuak koordinatu duen dispositiboa eskertu nahi izan du. Bestetik, Ertzaintzaren hainbat unitateei, Gipuzkoako Suhiltzaileei, Gurutze Gorriari eta DYAri ere, besteak beste, eskerrak eman dizkie. Eta baita desagerpenaren berri eman duten hedabide zein boluntarioei jaten eman dieten taberna eta jatetxeei ere.

Boluntarioek bilaketa lanak "ahalik eta baldintza onenetan egiteko" beharrezkoak izan diren baliabide guztiak aktibatu ditu udalak. Eta hor, Berastegiko Udalaren laguntza eskertu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!