Martxa onean doa XVIII. Berrobira Krosaren izen ematea

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 14a, 21:38
Orain bi urte egin zen azken Berrobira Krosa.

Iaz ezin izan zuten egin, osasun krisialdiarengatik. Aurtengoa larunbatean izango da eta helduek 7,5 kilometro egingo dituzte.

Korrikalariek aukera izango dute larunbat honetan, hilaren 18an, aurtengo Berrobira Krosean parte hartzeko. Hemezortzigarrena izango da, eta martxa onean doa izen ematea, atzo eguerdira bitarte 40 lasterkari dagoeneko izena emanda baitzeuden. «Nahiz iazkoa ezin izan genuen egin, beste urteetan bezainbesteko mugimendua dago eta oso kontentu gaude», azaldu du Garazi Goenagak, antolatzailea den Ibin Kirol Klubeko kideak. 50 parte hartzaile inguru izan ohi dira Berrobira krosean, eta baliteke kopuru hori gainditzea. «Gainera, kontuan izan behar da aurten Behobia-Donostia lasterketa egingo dela, eta Berrobira krosa prestaketa modura erabiltzen dutela», esan du Goenagak.

Iazkoan ikusi zuten osasun egoera zela-eta ezin zela egin. «Aurten ikusten ari garenez krosak eta mendi martxak egiten ari direla, gu ere animatu egin gara aurten», esan du Oihane Vergara Ibin Kirol Klubeko kideak.

Aurtengoan ere ohiko formatua izango du Berrobirak. Lehenengo lau probetan gaztetxoek parte hartuko dute: 16:00etan aurrebenjaminen proba hasiko da, eskolari itzuli bat eginez; 16:10ean benjaminena, eskolari bi itzulirekin; 16:20ean alebinena, ermitatik itzuli bat eginez; 16:30ean infantilena, ermitatik bi itzulirekin; eta helduek 17:00etan izango dute proba. 16 urtetik gorakoak sartzen dira helduen mailan, eta ibilbide nagusiari bost tzuli emango dizkiote, guztira 7,5 kilometro eginez.

INTERNETEZ BAKARRIK

Helduen izen emateak internet bidez bideratu dituzte antolatzaileek, «COVID-19a dela eta egunean bertan jende pilaketarik ez izateko», esan du Vergarak. Larunbateko eguerdia bitarte izena eman daiteke eta antolatzaileek korrikalariak animatu dituzte parte hartzera. Izena emateko Herrikrosa.eus helbidean sartu behar da eta bertan Berrobira krosa bilatu. Bestalde, jarri dituzten karteletan QR kodea dago eta hori eskaneatuta zuzenean izen ematera joan ahal da. Zortzi euro ordainduko dira aurtengoan.

Haurrek ez dute ordaindu beharko eta izena egunean bertan emateko aukera izango dute, horretarako jarriko diren mahaietan. Maila bakoitzak berea izango du eta ilaran metro erdiko tartearekin jarriko dira izena ematerakoan, jende pilaketak ekiditeko.

Sariei dagokionez, helduen mailan lehen postua lortzen duenari 100 euro eta garaikurra emango zaio, eta bigarren zein hirugarrenari garaikurra. Herriko lehen emakumezkoari zein gizonezkoari aparteko saria emango zaio. Haurren mailetan lehenengoari garaikurra emango zaio eta parte hartzaile guztiek domina jasoko dute. Parte hartzaileek merienda jasoko dute, bakoitzak berea, berriz ere jende pilaketak ez gertatzeko.

Antolakuntzari dagokionez, Ibin Kirol Klubean hiru kide daude, eta aurreko lanak beraiek egiten dituzte. Krosaren egunean herritarren laguntza jasotzen dute, bidegurutzeetan trafikoa bideratzeko, haurren izen emateak egiteko, eta merienden prestaketa egiteko. «Horrelako herri txiki batentzako pozgarria da 18. kroseraino iristea. Urtero guregana etortzen diren korrikalari finkoak daude, eta bai parte hartzaile horiei esker eta bai jasotzen dugun herritarren laguntzari esker, krosa aurrera eramateko motibazioa eta indarra dugu», esan dute Ibin Kirol Klubeko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!