Siriako kurduei buruzko argazki erakusketa

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 18a, 17:58

Aurkezpen ekitaldia astelehenean izango da, 19:00etan, pleno aretoan; ondoren, aste guztian zehar egongo da erakusketa nahiz dokumentala ikusteko aukera. 

Datorren astean Siriako kurduei buruzko argazki erakusketa eta dokumentala aurkeztuko dute Berrobin. Aurkezpen ekitaldia astelehenean izango da, 19:00etan, udaletxean. David de Miguel Berrobiko alkatea, Juan Manuel Balerdi Euskal Fondoaren zuzendaria eta Fernando San Martin Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza zuzendaria bertan izango dira Exodo, buscar refugio entre el escombro dokumentala eta argazki erakusketa aurkezten.

Ekainaren 21etik 28ra bitartean izango dira ikusgai argazki eta bideo erakusketa, udaletxeko pleno aretoan eta helduen liburutegian. Argazki erakusketa, Euskal Fondoak mailegatu du, 40 argazki ditu eta 10 minutuko dokumentalaren proiekzioa Andoni Lubaki argazkilariak eta Karlos Zurutuza Jot Down aldizkariko nazioarteko saileko buruak egindakoa da. Fatma izeneko dokumentalak, Afrinekoa (Siria) den 22 urteko gazte baten bizitza kontatzen du, eta margolaritzan ihesbidea nola aurkitu duen azaltzen du.

"Argazki bildumak Siriako kurduen egoera erakusten du irudietan, joan den urrian Turkiak egindako azken militar operazioaren ostean", azaldu dute. "Bake iturria izeneko operazioa kurdu-siriar milizien aurkako eraso militarra izan zen Sirian. Turkiak gutxienez lau hiri bonbardatu zituen Siria iparraldean, eta herritar zibilen artean biktimak izan ziren, ondorio humanitario larriak eraginez", gehitu dute.  

Argazki erakusketa eta dokumentala honako ordutegi hauetan ikusi ahalko dira: astelehenean, 17:00etatik 19:00etara; asteartean, 09:30etik 20:00etara; asteazkenean, 09:30etik 14:00etara; ostegunean, 09:30etik 20:00etara; ostiralean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Azken eguna ekainaren 28an izango da eta 09:30etik 14:00etara ikusi ahalko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!