Ostatu taberna zabalik da, berriro ere, Berrobin

Irati Saizar Artola 2021ko eka. 10a, 07:59

Bi hilabete eta erdi daramatza Angel Mora-Gil arduradun berriak Ostatu taberna kudeatzen; laster, Elduaingo Kontzeju taberna jatetxea irekiko du.

Martxoaren 19an ireki zituzten berriro ere Ostatu tabernako ateak Berrobin. Kasu honetan, Angel Mora-Gil urretxuarrak hartu du zerbitzua aurrera eramateko ardura, eta lehen hilabeteak pasata "oso pozik" dagoela esan du, jaso duen babesa eta izan duen harrerarekin. "Ezin eskertuago nago berrobitarrekin, espero gabeko harrera izan dut". Orain badu beste erronka bat ere, Berrobitik gertu: Elduaingo Kontzeju taberna jatetxea ere berak kudeatuko du aurrerantzean eta irekitzear du zerbitzu berria.

Lagun baten bidez iritsi da Berrobira urretxuarra: "Udan Lizarrako kanpinean lan egin nuen, eta Berrobiko lagun bat ezagutu nuen; afaltzera Berrobira etorri nintzen batean esan zidan taberna libre zegoela eta nik hartzea aukera ona izan zitekeela". Alkatearekin hitz egin zuen ondoren, eta hartzea erabaki zuen. Ostalaritzan badu esperientzia kudeatzaile berriak, Urretxun bertan bi taberna eduki zituen, eta orain, apustu berria egin du Tolosaldean.

Ostatu taberna ireki berritan sukaldea itxita izan bazuten ere, dagoeneko hasi dira pintxoak, razioak, bokatak, pizzak edota plater konbinatuak egiten. "Karta zehatzik ez daukagu momentuz, baina bezeroak eskatzen duena prestatu badezakegu, gustura egiten dugu", dio. Taberna moduan funtzionatzen du, «trago bat hartu eta zerbait pikatzeko lekua da». Ostiraletan, gainera, pintxo potea egiten hasi dira. Trago bat hartzearekin pintxoa doan ematen dute eta astero, pintxo ezberdinak prestatzen saiatzen dira. Berezitasun bezala, eguneko ogia ere saltzen dute tabernan bertan.

Hiru urterako kontratua sinatu du udalarekin, eta esan du jendea eskaintzen duen zerbitzuarekin pozik badago, jarraitu egin nahiko lukeela. Herri handiago batetik dator Berrobira, baina gustatu zaio orain arte ikusi duena: "Herri txikia da, denek elkar ezagutzen dute eta gauza guztien berri izaten dute, horrek badu bere saltsa".

Berriro ere martxan

Denbora luzea egin du Ostatu tabernak itxita, baina, hala ere, jendeak berriro ere tabernara joateko ohitura hartu duela baieztatu du kudeatzaile berriak: "Jendeak kontatu didanagatik behintzat, lehen ez ziren hainbeste etortzen, eta orain batzuk egunero etortzeko ohitura hartu dute".

Orain arte, taberna dagoen lokala Solastoki erretirodunen elkartea izan da, eta orain Ostatu izena hartu du. Erretirodunak elkartzeko lekua izan da urte askoan, eta kafe bat hartuz kartetan ibiltzeko ohitura izan dute askok eta askok. "Orain ere etortzen dira batzuk arratsaldeetan kartetan jolastera, baina orain guztiak nahasten dira, bai poteoan dabiltzanak eta baita kartetan saioa egiten ari direnak ere", gehitu du.

Elduainera begira

Berrobiko esperientzia ikusita Elduaingo Kontzeju taberna jatetxea ere hartzea erabaki du Mora-Gilek. Dagoeneko baditu giltzak eta ateak laster zabaltzea da asmoa. Kasu honetan, jatetxe zerbitzua eskainiko du bazkariak, eguneko menuarekin, eta afariak emanez. Gainera, etxebizitza ere berarekin dakar kontratuak eta Elduainen bizitzen jartzea pentsatu du "gertutasunagatik".

Elduainen ere itxita egon da denbora tarte batez Kontzejua. "Beste tabernarik ez dago gainera, eta kokalekua primerakoa da; errepidea du ondoan, autobusak ere bertan uzten zaitu eta inguruko enpresentzat ere aukera bikaina da", esan du. Sei hilabeteko probaldia izango du lehenik, eta bai udala eta bai kudeatzailea konforme badaude, bi urte pasa arteko kontratua izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Gogoz hartu ditu erronkak, eta gogoz dago baita ere pandemiak ekarritako neurriak bertan behera uzteko: "Aldaketa asko izaten ari gara azken boladan, eta nahiko genuke lehenbailehen pandemia aurreko garaietara bueltatzea, horrela, ikusiko genuke geuk ere ea zerbitzuek funtzionatzen duten".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!