Kulturari lekua egingo diote datozen egunetan Berrobin

Irati Saizar Artola 2021ko eka. 9a, 16:00

Ekainean zehar kulturaldia ospatuko dute; «herritar guztiek parte hartzeko moduko saioak» antolatu dituzte hilaren 19ra arte.

Kulturaldia ospatzen hasi dira Berrobin. Berez, maiatzean ospatu ohi dute, baina aurten hilabeteko atzerapenarekin bada ere, egitarau zabala osatu dute ekainerako. Udalak, Ibin Kirol Elkarteak eta Guraso Elkarteak elkarlanean prestatu dituzte ekitaldiak, ekainaren 19a bitarte.

Argazki lehiaketarekin eman zioten hasiera kulturaldiari pasa den astean, eta larunbat arratsaldean jarraitu zuten pilotalekuan egindako zumbako klasearekin. Antolatzaileek esan dutenez, «herritar guztiek parte hartzeko moduko saioak» antolatu dituzte, eta protokoloek eskatzen dituzten neurri guztiak beteko dituztela baieztatu dute.

Zenbait jardueretarako beharrezkoa izango da izena ematea, eta udaletxean bertan, 943 683 294 zenbakian edota berrobi.eus webgunean egin beharko da. Izena emateko epea ekitaldia hasi baino bi ordu lehenago amaituko da.

'Balkoitik balkoira' obra estreinatuko du Txalo Talok

Berrobiko Txalo Talo konpainiak ikuskizun berri bat estreinatuko du ostiral eta larunbatean, herrian bertan: Balkoitik balkoira. Eskolan egingo dituzte emanaldiak, ostiralean, 19:00etan eta 20:00etan, eta larunbatean 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Antzezlana ikustera joan nahi duenak aurrez izena eman beharko du udaletxean bertan, 943 683 294 zenbakian edota Berrobi.eus webgunean.

Hogei minutu iraungo dituen antzezlana prestatu dutela azaldu du Aran Rodas Txalo Talo konpainiako kideak: «Iaz prestatzen hasiak ginen obraren zati bat eramango dugu oraingoan oholtzara; berez, pandemia hasieran, lan luze bat genuen eskuartean, baina entseguekin-eta aurrera egitea kosta egin zaigunez, Balkoitik balkoira obra aurkeztea pentsatu dugu».

Izan ere, Txalo Talo taldekoak iazko ekainean aurkezteko obra luze bat ari ziren prestatzen pandemiak bete-betean harrapatu zituenean, eta obra hori atzeratu egin behar izan zuten, harik eta urte bete pasa den arte. Elkartzeko «zailtasunak» tarteko, zati bat hartu eta lan luzea, osoa, urtea amaitu baino lehen aurkezteko moduan izango direla aurreratu du Rodasek.

«Antzezlanean bizi izan dugun pandemia egoerari tarte bat eskaini behar geniola pentsatzen genuen, koronabirusak ekarri dizkigun hainbat gauza erakutsi nahi izan ditugu, eta horrela, taldeari egoera honek eman dion geldialdia islatu dugu», azaldu du. «Alde komikotik arituko gara, baina pandemiarekin bizitu duguna, sentitu duguna eta kulturari ere eragin diona aurkeztuko dugu».

Mikel Agirretxe, Ana Goñi, Aloña Izagirre, Joseba Izagirre, Aran Rodas eta Oihane Vergara aktoreak eta Ester Poveda zuzendaria dira Txalo Talo konpainiako kideak eta Balkoitik balkoira antzezlana aurrera eramango dutenak. Obran zehar, pertsonaia «kuriosoak, desberdinak» ikusi ahalko dira: «batetik, jende gaztea irudikatuko duena, parrandazaleagoak batzuk, beldurtiagoak besteak; bestetik, helduagoa den jendea, teknologia aurrean arazoak dituena, bere buruarekin etsituta dagoena..., denetik».

Haur, gazte eta helduentzako moduko lana antzeztuko dute, herritar guztientzako. «Alde komikotik doaz esketx batzuk, baina obra honetan musika, mugimendua edota dantza txertatzen ere saiatu gara, kulturari eta taldekideoi egoera honek ekarri diguna islatuz».

Txalo Talo konpainia

Txalo Talo arte eszenikoen sustapenerako elkartea da, duela bi urte inguru sortu zuten, Rodasek azaldu duenez: «Lehiaketa desberdinetan parte hartzearen ondorioz, gauzak formaldu eta talde solido bat genuela ikusi genuen, eta taldea sortzea pentsatu genuen». Hala ere, antzerki tailerra 2015 ingurutik dago martxan, eta hortik sortu dute taldea. Ordutik, urtero, antzezlan bat aurkezten dute herrian, eta aukera dutenetan, inguruko herrietara ere joaten dira lana erakustera.

Ikasturtean zehar astelehenetan egin ohi dute antzerki tailerra. Pare bat orduz aritzen dira normalean, baina taldekideen konpromiso eta beharren arabera, moldatu egin ohi dute. Obra bat estreinatzear dutenean, ordea, asteko egun guztiak behar izaten dituzte askotan.

Uda atsedenerako hartu ohi dute, eta halaxe egingo dute aurten. Baina dagoeneko irailerako emanaldi bat lotu dute herri batean, eta Rodasek esan duenez, «interesa pizten bazaio norbaiti, joateko prest egongo ginateke».

EGITARAUA

Ekainean zehar
Erakusketa. Argazki lehiaketako erakusketa irekiera liburutegian.

Gaur
Ping-pong eta dardo txapelketa. Gaztegunean izango da, 17:30ean.

Ekainak 11-12
'Balkoitik balkoira' antzezlana. Txalo Talo antzerki taldearen eskutik, eskolan. Ostiralean bi saio: 19:00etan eta 20:00etan. Larunbatean hiru saio: 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Izena eman behar da.

Ekainak 13
T2T/T3Tko lasterkariak animatzera Ibinera. 09:30ean plazatik.
Herriko dantzarien emanaldia. Plazan izango da, 18:00etan.
'La otra kalle' taldearen kontzertua. Dantzarien ondoren.

Ekainak 14-18
IV. Atzeko txokoko esku pilota txapelketa. 16:00-20:00.

Ekainak 15
Literatur eta argazki lehiaketako sari banaketa. Liburutegian izango da, 18:30ean.

Ekainak 16
Iker Karrera mendi lasterkariaren dokumentala eta 'Bidea ipar' liburuaren aurkezena. Solastokin, 19:00etan. Izena eman beharko da.

Ekainak 17
Ipuin kontalaria. Amelie eta xirrikituen jostunek. Eskolako jolasleku txikian, 18:00etan.

Ekainak 18
'60 urte betetzera noa'. Barry Manley irlandarraren bakarrizketa saioa. 19:00etan, Solastokin. Izena eman behar da. Sarrera 3 euro ordaindu beharko da eta edaria barne izango da.

Ekainak 19
Erroizpera mendi irteera. 08:30ean, plazatik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!