595.088 euroko aurrekontua izango du Berrobiko Udalak

Ataria 2021eko martxoaren 25a

Martxoaren 4an egindako osoko bilkuran onartu zuen udalak 2021erako aurrekontua; gizarte politikak indartu nahi dituzte.

Berrobiko Udalak 595.088 euroko aurrekontua izango du 2021ean. «Pozik» da David de Miguel Berrobiko alkatea udalaren finantza egoera «saneatuta» dagoelako. Izan ere, 2020an defizitik gabe itxi ahal izan zuten urtea, eta hortaz, aurtengo aurrekontua "etorkizuneko bermea da maila sozialean".

Onartu duten aurrekontuan, gizarte politiken arlora bideratutako partida 2.000 euro inguru handitu dute; aurten, 14.200 euro gastatzea aurreikusi dute. Era berean, COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko bonu bat ere sortu dute, 4.000 euroko aurrekontuarekin, "okerren pasatzen ari diren herritarrentzako laguntzak emateko".

Aurrekontuaren helburu nagusietako bat herrira begirako hobekuntzak egiteko proiektuak bultzatzea da, eta inbertsioetarako 100.000 euro bideratu dituzte. Besteak beste, hiriko irisgarritasuna hobetu nahi dute, eta horretarako, espaloiak zabalduko dituzte, oinezkoen pasabideak errepideko kotara jaitsiko dituzte eta malda handia duten kaleetan baranda berriak jarriko dituztela zehaztu du De Miguelek. Atseden kalean espaloia berritu eta zati berri bat eraikiko da; udaletxe aurreko autobus geltokian espaloia zabaldu eta eserleku bat jarriko da; Sorone inguruan baranda eta pibote berriak jarriko dira; ermita inguruan, Iturburu eraikinaren ondoan, barandak jarriko dira; Ibai-gainen komun publikoetara sartzeko koska jaitsiko da eta eskolaren ondoko aldapan baranda bat ezarriko da; azkenik, Muntegin tope batzuk jarriko dira kotxeei espaloira igotzea oztopatzeko.

Bestalde, "klima aldaketaren aurkako" proiektu bat ere sustatuko dute. Autokontsumoko 67 eguzki panel jarriko dituzte eskolako estalkian, 450Wpkoak, eta udal eraikin guztiek erabili ahal izango dute energia hori. Apirilerako jarri nahi dituzte martxan. Inbertsio horrek 32.000 euroko kostua izango du, baina alkateak aurreratu du zazpi urte baino gutxiagoan amortizatu ahal izango dela panel horiek sortuko duten energia aurrezpenari esker. "Proiektu horrekin, energia asko aurreztuko dugu, eta epe labur eta luzerako proiektu errentagarria izango da. Baina, batez ere, Berrobi ingurumena gehiago errespetatzen duen udalerria izatea lortuko dugu", esan du alkateak.

Berrikuntza gehiago

Herriko kirol instalazioak eguneratzeko beharra ere badagoela azpimarratu du De Miguelek. Zehazki, pilotalekua txukundu nahi dute, eta besteak beste, jolasguneko pintura berritu eta pilotalekuaren aldameneko kirol pista ere eraberrituko dute, gaur egun "erdi abandonatuta" dagoen zoladura berrituta. Proiektua itxi gabe dagoela argitu du alkateak, baina 30.000 euro inguru bideratzea aurreikusi dute.

Inbertsio horiez gain, landa eta baso pistak konpontzeko partida ere aurreikusita dago, eta batez ere lurzorua egonkortzeko lanak egingo dira bide horietan, eta horrela baserrietako bideak konponduko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!