Berrobiko Udalak udal zergak izoztu ditu

Ataria 2020ko urr. 15a, 09:00

Igogailuak eta arrapalak jartzeko egiten diren irisgarritasun obrei dagokien eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga %2,5era murriztea ere erabaki du Berrobiko Udalak.

Zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izoztea erabaki du Berrobiko Udalak. David de Miguel alkateak azaldu duenez, "helburua gure bizilagunen presio fiskala ez areagotzea da, eta bereziki, egoera ekonomiko txarrenean dauden familiena".

Era berean, etxebizitzetan igogailuak eta arrapalak jartzeko egiten diren irisgarritasun obrei dagokien eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga %2,5era murriztea ere erabaki du Udalak. Erabaki hori auzokideen erkidegoan igogailuak jarri behar dituzten herritar batzuek egin duten eskaeraren aurrean hartu dute.

Tokiko ekonomia suspertzen laguntzeko, presio fiskala ez igotzea erabaki du De Miguelek. "Gure herri osoari mesede egingo dio, familia askok gaur egun bizi duten larritasuna arinduko baitu, baita itota dauden negozioen jabeek eta maizterrek bizi dutena ere", gaineratu du.

"COVID-19aren osasun-larrialdiak eragindako hondamendi ekonomiko eta sozialari modu eraginkorragoan aurre egiteko moduak ez du tasak eta zergak igotzea aholkatzen", esan du. Bizilagunak "zaindu" nahi ditu, eta alkateak uste du ez dituela herritarren kontuak gehiago kargatu behar, "ezinbestekoa baita baliabide ekonomikoei lehentasuna ematea eta arreta handiagoa jartzea eta egonkortasuna bermatzea". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!