«Dendak bezeroarekin harreman estua izateko aukera ematen du»

Irati Saizar Artola 2020ko urr. 1a, 19:59

Mende erdia bete du orain gutxi Iturriza janari dendak; baserriko lanak egitetik denda bat irekitzera ausartu ziren Kandi Iturrizaren gurasoak, eta bigarren belaunaldiak jarraitzen du, egun, dendako martxa aurrera eramaten.

Konfinamendu garaian, paper batzuk txukuntzen hasi zirenean konturatu ziren irailaren 18an 50 urte beteko zituela Berrobiko Iturriza janari dendak. Brigida Intxaustik zabaldu zituen dendako ateak Martin Iturriza senarraren laguntzaz, eta egun, haien alaba Kandi Iturrizak (Berrobi, 1957) du dendaren ardura.

Mende erdia atzera eginda, nola jarri zen denda martxan?

Egun denda dagoen eraikina soroa zen garai batean. Baserria aldamenean daukagu, Arbide izena duena, eta baserriko lanak egiteaz arduratzen zen ama; aitak Uranga fabrikan egiten zuen lan. Etxebizitzak egin ziren soroan, eta beheko lokalak hartu zituzten. Orduan ere nahiko larri pasa zuten gaixoek, horiek ere ordaindu egin behar baitziren. Gure ama beti izan da indartsua eta denda bat ireki behar zuela otu zitzaion beheko lokal batean. Animaliekin eta tratuan ohituta omen zegoela eta animatu egin zen. Tolosako drogeria batean ikasi zuen dendako martxa nolakoa zen eta denda martxan jarri zuen.

Eta ireki zituen ateak.

Herriko festen bueltarako, uda partean ireki nahi omen zuen denda amak. Eta kontatzen zuen txorizo mordo bat ekarri zuela saltzeko. Zer gertatu zitzaion? Ia bi hilabete beranduago zabaldu zituela azkenean ateak eta txorizo guztiak galdu zitzaizkiola.

Lehenengo denda zen Berrobin zabaldu zena?

Ez, elizaren aldamenean bazegoen beste denda bat. Eta urte batzuk atzerago beste taberna bat ere bagenuen, Juanitone, izkina batean denda txiki bat zuena.

Zer saltzen zen garai hartan?

Denetarik edukitzen genuen. Drogeria, jakiak, edariak, barazkiak, mudak, oinetakoak, katiuskak... Garai hartan farmaziarik ez zegoen, eta aspirina ere saltzen genuen. Denetatik edukitzearekin jendea gustura edukitzea nahi izaten zuen amak. Etxeko arrautzak eta behi esnea saltzen genuen, momentuan gure baserritik hartuta. Orain gauza bera egiten dugu baratzeko produktuekin; letxuga eta porruak zuzenean baratzetik hartuta ematen zaizkio bezeroari. Garai batean, elizatik jendea atera ostean, dendara goxokiak erostera etortzen zen ume ugari. Sekulako poza izaten genuen, eta baita haiek ere.

Eta apurka-apurka, zu hasi zinen laguntzen.

Bai, pixkana hasi nintzen. Ezkondu eta familia izan nuenean oraindik ama egoten zen dendan, eta nik umeekin lasai ibiltzeko aukera izaten nuen. Gero, aitak erretiroa hartu zuenean, izugarri lagundu zidan dendan. Lana egiteko esan beharrik ere ez zen izaten: salgaiak iristen zirenean berak antolatzen zituen, makinak berak garbitzen zizkidan iluntzeetan, falta ziren produktuak berriro jartzen ere hura aritzen zen... Oso langilea zen.
 
Berak bazuen ilusio bat. Denda handitu eta supermerkatua jarri nahi zuen, hau da, jendeak berak produktuak har zitzala nahi zuen. Izan ere, gaur egun, mostradore atzean dauzkat produktuak eta nik ematen dizkiet bezeroei. Kontua da ez nintzela animatu, pertsona bakarrak lan egiteko gehiegi iruditzen zitzaidalako. Badakit bezero gazteenentzat erosoa izan zitekeela, gaur egungo bizitza erritmoan ez daukatelako berriketan egoteko denborarik. Bestalde, ordea, bezeroarekin egiten den harremana gertukoagoa da horrela; denda honek bezeroarekin harreman estua izateko aukera hori ematen du.


Aldatu da zerbaitetan denda?

Lehen nolabait esateko beti irekita egoten zen denda. Izan ere, etxean geundela ere jendeak tinbrea jotzen zuen eta dendara joaten ginen korrika bezeroei kasu egitera. Berdin zion bazkaltzen ari baginen ere.

Gaur egun 06:00etarako joaten naiz dendara eta 08:00ak arte aritzen naiz prestatzen. Tarte horretan bezero batzuk ere etortzen dira. Gero gosaltzera etxera bueltatzen naiz eta 09:00etan irekitzen dut.

Nork du dendako lanaren meritua, beraz?

Dudarik gabe nire gurasoek, eta amak zer esanik ez. Ezkondu aurretik papertegian egiten zuen lan eta ezkontzean hasi zen baserriko lanarekin. Ondoren etorri zen denda, eta garai hartan, dendako kontuak egiten ere jakin beharra zegoen. Ez zen emakume makala. Garaian kokatu behar da gainera, 50 urte atzera eginda, denda irekitzeko horrelako erabaki bat hartzea ez du edonork egiten.


Zer moduz eraman duzu konfinamendua?

Mugimendu handia izan dugu, bai, eta aldaketak egin behar izan ditugu, esaterako, biltegian. Familiakoek asko lagundu didate eta eskerrak. Konfinamendu ondorenean, arratsaldeak ixtea erabaki nuen, pena handiarekin. Izan ere, batzuk badakit goizez ezin izaten dutela etorri, eta horrek amorrua ematen dit. Baina deskantsua ere behar nuen eta hainbeste orduz maskara jantzita egon behar izateak soilik nekatu egiten ninduen. Erosteko modua ere aldatu egin da konfinamendu garaian; esaterako, lehen egunero ogia eramaten zuenak orain ez du egunero eramaten. Eta hornitzaileekin ere berdin. Asteko eskaria ekartzen zidatenek orain bi astekoa ekartzen didate, haientzat ere gastua baita astero Berrobitik buelta egitea. Eta eskari txikiak ekartzen zizkidaten hornitzaile batzuk ere etortzeari utzi diote, ez dielako konpentsatzen.

Era berean, oso eskertuta nago herriko jendearekin. Egunero-egunero ohitura hartu zuten 20:00etan osasun langileei txalo zaparrada jotzeko, eta egun batean niri ere jo zizkidaten. Sekulako ilusioa egin zidan eta babestua sentitu nintzen. Herriko haur batzuk marrazki batzuk ere egin dizkidate esker ona adierazteko Eskerrik asko Kandi jarrita, eta karpeta batean entregatu zizkidan ekimena martxan jarri zuen ama batek. Izugarria izan da egia esan. Oso pozik nago, jendeak ezin du hobeto portatu nirekin.

Urteurrena modu bereziren batean ospatzeko asmorik baduzue?

Zerbait egin nahi izan dugu, bai. Pandemiagatik egunean bertan ez ginen animatu ezer antolatzera, baina erosketak egiteko poltsak eta poltsa berrerabilgarriak atera ditugu logo eta lema batzuekin herritarren artean banatzeko. 50 urtez, belaunaldiz belaunaldi, zurekin lanean eta Zuri esker Kandi gara bezalako lemak sortu ditugu. Aurrerago, jendearen parte hartzea bultzatzeko galdera bat proposatu nahi diegu: Zenbat produktu ezberdin daude dendan? Erosketa egiten duen bakoitzak zenbaki bat jartzeko aukera izango du. Irabazlearentzat bi lagunentzako Iriarte jatetxean asteburuko menua eskainiko dugu. Haurrei begira ere antzeko zerbait egin nahiko genuke. Gero, urteroko Gabonetako saskia ere izango dugu. Eta egoeraren arabera, sortzen doazen gauzak egingo ditugu urtea amaitu bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!