Ez da ohiko bisita lekua izaten Berrobi. Tolosatik Berastegira doan errepidetik joaterakoan igaro behar den herrietako bat dela etortzen da burura bere izena entzutean. Igarobide diren herri guztiekin gauza bera gertatzen da: bertan gelditu eta bisita egin arte, ezin da bere xarmaren berri izan.
Herri hori ezagutzeko ibilbide aproposa da hau. Autobusak plazan utziko du ibiltaria eta geltokitik hasi eta bertara itzultzen da ibilbidea, tartean zenbait joan-etorri eginez. Ibai izan nahi duen Zelai erreka bidelagun dela egingo du ibiltariak bidea.
Autobus geltokitik Berastegi aldera joan behar da errepide nagusitik, oinezkoen ibilbidean zehar. Plazan bertan, Iriarte etxea nabarmentzen da: etxaurre interesgarria gorde duen eraikina da, XVII. mendekoa. Segidan, Iriarte aurreko plaza-jolaslekutik pasa eta eskolaren ondotik aurrera jarraitu behar da, San Lorentzo mendia parez pare dagoela. Bidean, artasoroak eta baratze batzuk igaro behar dira eta horrek, ibiltaria Ermita auzora iritsi dela esan nahi du. San Sebastian baselizaren ondotik igaroko da, baita herrigunetik urrutien dagoen baserritik ere; Gabittegi baserrian oraindik orain udazkenero sagardoa egiten dute.
Bideak aldapan behera eramango du bisitaria eta zubi bat zeharkatuz Galtzastegi baserrian, egurra lantzen ari den artisaua topatuz gero, ziur eskainiko duela sagardo pixka bat.
Ondoan Lapatza etxea du, aurrean bere armarri handiarekin, eta ondoan harriz egindako zubia. Zelai eta errekaren arteko bidean aurrera jarraituz, ahuntz eta ardien konpainian, Urruti baserrira iritsiko da. Egun inor bizi ez bada ere, etxe elegantea izan zenaren zantzuak baditu.
Bideari ekinez, parez pare haur eta helduentzako jolaslekua eta piknikerako egokitutako mahaiak eta parrilen zonaldetik pasa behar da. Lorategi botaniko txiki bat ikusteko aukera izango da, hainbat motatako zuhaitzekin, bakoitza bere karteltxoarekin.
Bidegurutzean ezkerretara egin behar da, Azpillaga baserri aldera. Hura igaro eta malda handia hastean, bideari ekin eta Tontola baserrira iritsiko da ibiltaria, bideak kasko batera eramango du eta Berrobiko ikuspegi ederra eskainiko. Aldapa behera latza dago aurretik berriro ere ibilbide nagusiari heltzeko.
Bidegurutzean ezkerrera jo behar da, erreka beti ondoan dagoela. Aurrerago, herrigunean dagoen zerrategiaren ondotik igaro behar da. Oholekin egindako dorre ugari daude bertan, paisaia berezia sortuz.
Aurrera jarraituz, herria zeharkatzen duen errepide nagusira iritsiko da. Bestaldera pasatu behar da eta justu parean ezkerretara egiten duen bideari jarraitu. Negutegi bateraino iritsi eta azken aldapa igo behar da, Arkaitza Nekazalturismoaren parean, eserleku bat dago Berrobiko beste ikuspegi batez gozatzeko. Atseden hartu eta buelta hartu ahalko du ibiltariak.
Errepide nagusitik aurrera egin eta herrigunera iritsiko da gero, autobus geltokira.
Denbora tarte bat hartuz gero, herrigunean dauden udaletxea eta San Andres eliza patxadan ikusteko aukera izango da. Azken honek estilo barrokodun XVIII. mendeko dorrea du.