Konfinamenduak irauten duen bitartean egiteko, bi egitasmo jarri ditu martxan Berrobiko Udal Liburutegiak: argazki rallya eta etxealdiko literatur lehiaketa.
Argazki rallyari dagokionez, bi kategoria bereizi dituzte: gazteen kategoria batetik, 14 urtez beherakoak sartuko lirateke hor, eta helduen kategoria bestetik, 14 urte baino gehiago dituztenena. Argazkiak egiteko gaia Berrogeialdian etxean geratu naiz izango da, eta parte hartzaile bakoitzak 3 argazki bidali ditzazke gehienez. Hori bai, argazki bakoitzari izenburu bat jartzeko eskatu dute antolatzaileek.
Argazkiak apirilaren 25erako, larunbaterako, bidali beharko dira liburutegia@hotmail.com helbidera, izena eta adina zehaztuta. Kategoria bakoitzean 3 sari banatuko dira eta bildutako argazki guztiekin erakusketa egingo dute. Lekua eta datak egoera bere onera itzultzen denean zehaztuko dituztela azaldu dute.
Eta bestetik, etxealdiko literatur lehiaketa. Bakoitzak bere idazteko sena atera beharko du egitasmo honetan. Adin guztietako herritarrei zuzendu diete lehiaketa hau, eta parte hartzailea Berrobin bizi den edonor izan beharko du. Lanak jatorrizkoak eta euskaraz izan beharko dute, eta gaia eta modalitatea (ipuinak, poesia...) librea izango dira.
Parte hartu nahi duenak gehienez 500 hitzeko testua idatzi beharko du. Lau kategoriatan banatu dute lehiaketa: 6-9 urte bitartekoak, 10-12 urte bitartekoak, 12-16 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dituzte.
Lanak liburutegia@hotmail.com helbidera bidali beharko dira. Bi dokumentu dira bidali beharrekoak: Batetik lana bera, izen edo sinadurarik gabe, eta, bestetik, datuak (izen abizenak, kategoria eta lanaren izenburua). Idatzi horiek maiatzaren 8a baino lehen bidali beharko dira, eta kasu honetan ere sari banaketa egoera bere onera itzultzen denean egingo dutela azaldu dute.