Koronabirusa

Konfinamenduak ondo tratatzen al zaitu?

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2020ko api. 26a, 10:01

Apaizek eta zakurrek bedeinkatu dizkigute kaleak. Industria martxan da, testak auskalo noiz iritsiko dira herritar xumeen eskuetara. Irakasleek ziber-klaseak prestatzen dihardute, etxean preso dauden haurrek, pantaila ere beste kartzela izan dezaten. Bitartean, teknologiaren esku utziko dugu gure intimitatea, aplikazio marabilloso batzuk sortzen ari baitira, gure gorputzeko tenperatura neurtzeko. Laster, gure animoak nola dauden jakingo dute. Arantzazuko fraideak gu baino lasaiago daude.

Konfinamenduak ondo tratatuko zaituelakoan nago, baratzera joatea debekatu diguten arren. Baduzu hor hala ere, baratza literario ederra. Horra joatea inork ez dizu galaraziko. Urkulluk oraindik ez du agindu hori eman behintzat. Eskuin muturrekoak ziurrenik planteatzen ariko dira: «Queda prohibida toda actividad educativa, cultural o de lectura que se realice por cuenta propia», eta Biblia eta bankuetako publizitatea banatuko dizkigute.

Telebistak, medioek, Trumpek, Netanyahuk, hots, gure eta haien politikoek, den-denek, egiaz mozorroturiko gezurrak salduko dizkigute.

Baduzu hor hala ere, baratza literario ederra. Horra joatea ez dizu inork galaraziko.

AEBn, Detroiteko auzoetan eta New Yorken komunitate afroamerikarra eta latinoa izan dira kolpatuenak. Askatasunaren herrialdean, auzo batzuetan ur korrontearen gabeziak, arrakala sozialen arrakala areagotu du. Koronabirusak badaki arrazakeriari buruz. Venezuela izan dute jomuga oilarkerietan ausardia handiegia erakusten duten politikariek. Han (Venezuelan), hau (urik eza) gertatu balitz, medio guztien ahotan ibiliko zen Chavismoaren frakasoa. Trumpismoaren triunfoa aldarri.

Konfinamendu honetan, nire leihotik ikusten ditudan basoak eta txoriak entzutea hain da, hain da, nola esango nuke? Ederra? Hitz hori ote da egokiena? Hain sentitzen naiz gustura. Baina batzuetan, kristalpetik eguzki izpirik jasotzen ez dutenekin akordatzen naiz, sotoetan edo kakapilan bizi diren horiekin, goxotasuna aspaldi galdu zuten horiekin, prekarietatearen lau pareten artean bizi direnekin eta munduak ere prekarietatea debalde oparitzen dien horiekin. Konfinamendua ez dugu denok berdin bizi, ezta normaltasuna ere. Eta normaltasun horretara itzultzeak beldurra ematen dit, normaltasun hura ere, arazoa baitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!