"Nor garen esatea ez da soilik izena, adina eta jatorria adieraztea"

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 12a, 11:58

Ahalduntzeari eta garapen pertsonalari buruzko tailerra eskainiko du Gurrutxagak, Berrobin. Gaur izango da lehen saioa, 18:00etan, udal liburutegian eta bigarren saioa martxoaren 17an eskainiko du.

Berrobiko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Egitarau horren baitan antolatu dute Gurrutxagaren tailerra ere. Besteak beste, norberaren barrura begira jarriko ditu parte hartzaileak, nor diren jabetzeko eta kanpora begira dutenaz hausnartzeko.

Aurreko astean ere izan zinen Berrobin, 'Etxetik ahalduntzen' hitzaldia eskaintzen. Zer moduz?

Topagune bizia izan zen. Adin ezberdineko emakumeak eta gizonezko bat elkartu ginen. Ahalduntzearen ikuspuntu horretan, emakumearen eta gizonezkoaren lehia edo borrokari baino, bi generoen elkarbizitzari lekua egitearen beharrari gehiago begiratu genion.

Eta tailerra ere hortik bideratuko duzu?

Ahalduntzearen kontu hori nola daramagun ikustea izango da helburua. Geroz eta barneratuago daukagu berdintasunaren diskurtsoa , baina diskurtso hori eta aldaketa horiek nahiko natural ematen ari garen bezala, barne mailan badaude kontraesan batzuk. Esaterako, baditugu sustrai unibertsal eta biologiko batzuk, nahi gabe, besteak babestera eramaten gaituztenak, gure hurbilekoak babesgabe ikusten ditugunean. Aberatsa da zaintza eman behar denean zaintza egitea, baina hor non geratzen da nire ni-a, nire izatea? Ildo horretatik doa tailerra.

Nola planteatu dituzu saioak?

Bietakoren batera joan ezin duenak ere aukera izango du saio bakarrera joateko. Batetik, geure bizitzaren jabe izatea nola galtzen dugun ikusiko dugu. Eta bestetik, guk geuk bizitzako esparru ezberdinetan hartu ditugun funtzio edo rol horiek zenbateraino aukeratu ditugun eta zenbateraino erregulatu nahi ditugun ikusiko dugu.

Ahalduntzearekin batera garapen pertsonala ere landuko duzue.

Bai. Garapen pertsonala, norberak pertsona bezala bere buruaren jabetza eta berak nahiko lukeen erabakiak eta pausoak emateko gaitasuna izatea da. Zuhaitzaren metafora erabiltzen dut azaltzeko. Gutako bakoitza zuhaitza izango bagina nola gauden pentsarazten diet: esaterako, gure bizitzaren fruituak nola dauden. Fruitu horiek kanpora begirakoak ote diren, hau da, besteentzako egiten ditugunak diren, edo norberak bere buruarentzat egindako fruituak ote diren. Eta bestetik, gure sustraiak nola dauden: lehendik jaso ditugun baloreak eta hezkuntzak, adibidez.

Barrura eta kanpora begira jarriko zarete, beraz.

Gure rolak eta gure argia, hau da, kanporantz azaltzen duguna aztertuko dugu. Hor, hausnartu egingo dugu: Zenbateraino nahi dut besteentzako egotea? Zenbateraino behar dut niretzako egotea? Bestetik, gure kontraesanez, gure itzalez jabetzea nahiko nuke. Ni beste pertsonak zaintzean garrantzitsu sentitzen banaiz, gutxiago zaintzen hasten naizenean, nor izango naiz?

Ahalduntzearen begiradatik hasten garenean, emakumeok ez daukagu garbi nor garen. Nor garen esatea ez da soilik izena, adina eta jatorria adieraztea. Pertsona bezala nor garen esan behar dugu.

Oinarrian, autoezagutza dago?

Bai, hori da. Autoezagutzan, zuhaitzari begiratuz, kanpora azaltzen dugunaz jabetzea garrantzitsua da. Baita zer oztopo ditugun konturatzea ere. Oztopoak, azken batean, aldatzea kostatzen zaizkigun patroi batzuk dira.

Hor, konfiantza edo autoestimua bezalako ezaugarriak landu behar dira?

Ugaztunak garen aldetik, besteekiko harremana bilatzen dugu. Eta besteengandik iristen zaigunak gure autoestimuan eragiten digu, onerako edo kalterako. Hor, ezinbestekoa da zuhaitzaren enborrari begiratzea eta enbor hori sendoa izatea. Eta gu ondo sentitzeko modua besteen bidez erregulatuko bagenu ere, gutxienez, behintzat, horretaz jabetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!