Aurrekontuko 20.000 euro nora bideratu erabaki beharko dute

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 10a, 19:57

Berrobiko Udalak herritarren esku jarri du udal inbertsioaren zati bat; martxoaren 20ra bitarteko epea izango dute herriari begirako proposamenak aurkezteko.

Berrobiko Udalak partaidetzako aurrekontuen prozesua jarri du martxan, herritarrek 2020ko ekitaldiko udal inbertsioen zati batekin zer egin aukeratu dezaten. Horretarako, udal gobernuak 20.000 euroko partida bat bideratu du herritarren ekimenetatik sortzen diren proposamenak aurrera eramateko.

Ohar baten bidez, Berrobiko alkatea den David de Miguelek azaldu duenez, partaidetza prozesuaren helburua da herritarrek udalaren erabakietan parte hartzea, bertako bizi kalitatea hobetuko duten ekimenak proposatzeko. Horrela, «udal kudeaketa herritarrengana hurbiltzen dugu eta euren ahotsa entzuten dugu», esan du. Gainera, «ekimena ahalik eta parte hartzaileena izateko asmoz, gobernu taldetik herriko etxe guztietara gutuna bidali dugu, herritarrek partaidetza aurrekontuetan nola parte hartu behar duten azaltzeko», gaineratu du.

Martxoaren 2tik 20ra bitarte, prozesuan parte hartu ahal izango dute Berrobin erroldatutako 16 urtez gorako pertsona guztiek zein herriko elkarteek. Egiten dituzten proposamenak honakoak izan beharko dute: herrira edo herritarrengana zuzendutakoak, udalaren esparrukoak eta udal eskumenekoak, zehatzak eta ekonomikoki ebaluagarriak, eta gehienez 20.000 euroko kostua izan beharko dute. Halaber, ez dira onartuko baztertzaileak diren proposamenak. Eskaerak udal erregistroan, liburutegian, edota udala@berrobi.eus helbidera bidalitako mezuan aurkeztu beharko dira.

Jasotako proposamenak udal teknikariek aztertuko dituzte, martxoaren 23tik apirilaren 17ra bitarte. Ondoren, ekonomikoki baloratuko dituzte, proposamen bakoitzeko kostu orokor bat finkatuz.

Hautatzen diren proposamenak udaletxean egongo dira ikusgai, apirilaren 20tik 30era bitarte. Ondoren, herri-kontsulta egingo da, maiatzaren 4tik 8ra bitarte, proposamenak hautatzeko. Bozka bidez egingo da hautaketa, eta horretarako parte hartzeko orriak bete beharko dira. Behin orri horiek beteta, udaletxean edota liburutegian uzteko eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!