Martxoaren 8a dela eta, Berrobiko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu. David de Miguel alkateak azaldu duenez, "garrantzitsua da martxoaren 8a bezalako egun bat aldarrikatzea, gizarte honentzako gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna eskatzeko modu egokiena delako".
Aitortu dute, urte hauetan gizarte "duinagoa eta bidezkoagoa" emateko urratsak eman direla, baina oraindik asko dagoela egiteko: "Errealitateak oraindik existitzen diren desberdintasunentzako soluzioak proposatzera eta aldarrikatzera bultzatzen gaitu".
Emakumearen eguna ospatzeko, Clasicas y Modernas elkarteak sustatzen duen Bibliotecas en igualdad sarera batu da Berrobi. Antolatu dituzten ekitaldiak udal liburutegian egingo dira, eta bertan, berdintasuna sustatzeko materiala jarriko dute ikusgai.
Gaur bertan, 18:00etan, Esther Poveda aktoreak hasiera emango dio programazioari. Ondoren, Karmele Gurrutxaga psikologoak Empoderándonos desde casa: ¿Como hemos perdido el poder? hitzaldia eskainiko du. Horrez gain, martxoaren 12an eta 17an, ahalduntze eta garapen pertsonaleko tailerra eskainiko du Gurrutxagak, 18:00etatik aurrera.
Era berean, martxoaren 24an, 19:00etan, Miren Amurizaren bisita izango dute. Bere azken liburua izango dute hizketarako gai: Basa.