BABESTUTAKO EDUKIA

«Irakasleen eta ikaslearen arteko gertutasuna azpimarratuko nuke»

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 26a, 05:58

Beñat Goenaga berrobitarra (20 urte) Mekanikako Ingeniaritza gradua ikasten ari da Mondragon Goi Eskola Politeknikoan, Goierri campusean.

Definitu apur bat zeure burua. Non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

Lehen Hezkuntza Berrobiko San Andres eskolan burutu nuen, Berrobin bizi izan bainaiz betidanik. Ondoren Orixe BHI institutura joan nintzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza burutzera eta bertan egin nuen Batxilergoa ere. Zaletasunei buruz, futbolean aritu izan naiz baina, ikasketak zirela eta, bertan behera utzi nuen eta orain mendi lasterketetan aritzen naiz, nire kontura.

Zergatik aukeratu zenuen Mekanikako Ingeniaritza gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Mekanikako Ingeniaritza ikasketak burutzen ari naiz orain. Mekanikako Ingeniaritza aukeratzeko arrazoia ez zen bakarra izan. Hainbat ingeniaritza neuzkan buruan baina, ate irekietan ikusitakoaren arabera eta gradu bakoitzaren ikasgaiaren arabera, Mekanikako Ingeniaritza egitea erabaki nuen. Bestalde, mekanika zalea izateak ere dezente lagundu zuen. Hasiera batetik garbi nuen Mondragon Unibertsitatea aukeratu behar nuela. Alde batetik, enpresekin duen harreman zuzenagatik eta, bestalde, bere ikasketa plana gustatu zitzaidalako.

Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?

Orain arteko esperientzia oso positibotzat hartuko nuke. Alde batetik, klaseetan bizitako guztiagatik eta bestalde, sei hileko bakoitzean garaturiko proiektuetan ikasitako guztiagatik.

Nola definituko zenuke Mondragon Goi Eskola Politeknikoan jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Ikasketa metodologia oso egokia iruditzen zait. Lehen esan bezala, proiektuetan garatu beharreko guztiarekin asko ikasten da, eta ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzeko egitura egokia iruditzen zait.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Zer hobetuko zenuke?

Goierriko campusean ikasten ari naiz. Hemen soilik Mekanikako Ingeniaritza gradua ematen denez, Arrasateko campusarekin alderatuz oso txikia da. Unibertsitatetik gehien gustatzen zaidana irakasleen eta ikaslearen artean dagoen gertutasuna da. Une honetan ez nuke ezer aldatuko.

Lanean ari zara ikasten duzuen bitartean, DUAL ereduan. Non ari zara jardunean eta zer lan mota egiten duzu?

Lizartzan kokaturik dagoen Kimua Group izeneko enpresan nabil DUAL ereduan lanean. Urrian hasi nintzen lanean eta pixkanaka martxa hartzen ari naiz, beraz oraindik oinarrizko lanak burutzen ari naiz. Besteak beste, Solid Works software-ko liburutegia, enpresak buruturiko proiektuak sisteman behar bezala sartu eta horrelako lanak.

Zer nolako ekarpena egiten dizu eredu dualak?

Eredu DUALa nire jakintza gaitasunak garatzeko aukera paregabea da, ikasgelan ikusitakoa praktikan jartzeko aukera ematen baitu. Bestalde, etorkizunerako lan esperientzia edukitzea beharrezkoa dela iruditzen zait eta eredu honek horretan laguntza paregabea eskaintzen du.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Oraingoz helburu nagusia, gradu bukaera egoki bat burutzea da eta, posible baldin bada, Euskal Herritik kanpo, Alemanian edo Danimarkan, adibidez, gradu amaierako proiektua egitea. Bestalde, gradua hasi nintzenean, ez nuen masterra egiteko asmorik baina, urteak joan ahala, master bat egiteko geroz eta intentzio handiagoa dut, nahiz eta oraindik ez egon guztiz ziur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!