Berrobiko Zahar Etxea lehiaketara atera du udalak

Ataria 2020ko urtarrilaren 23a

Berrobiko Zahar Etxeak taberna zerbitzua ere eskaintzen du. Taberna hori kudeatzeko eta ustiatzeko lizitazio prozesua abian jarri du udalak, pasa den asteko udalbatzan hala erabakita.

Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, eta sei hilabeteko probaldia finkatu dute. Urtero, ordea, urtebetez luzatzeko aukera eskainiko dute, gehienez hiru urte bete arte. Gainera, esleipendunak udalari ez dio inolako kanonik ordaindu beharko taberna ustiatzeagatik. 

Lehiaketan parte hartzeko dokumentazioa udaletxean kontsultatu ahal izango da, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hogei egun naturaleko epean. 

Udalak erabakiko du zein izan den proposamenik egokiena, eta nori esleitu zerbitzua, eskaintzaren balio ekonomikoa kontuan hartzeko beharrik izan gabe. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko honako alderdi hauek hartuko dituzte kontuan: aurretiazko esperientzia, erretiratuentzako jardueren egutegia, euskara ezagutzea eta Berrobin erroldatuta egon eta bizitokia bertan izatea. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!