"Baserria lanpostu duin batzuekin lotu nahi dugu"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 9a, 11:59
Igone Saldias eta Miriam Saldias albo banatan, eta erdian, Maribi Uranga izeba eta Izaskun Uranga ama, Tolosan duten Soronea dendan. Argazkia: Oskia Karrera

Berrobiko Soronea baserriko baratze ekologikoari eutsi nahi diote, Tolosako dendarekin batera, Saldias ahizpek; Gaztenek programa baliatuko dute proiektu berria martxan jartzeko.

Etxean bertan dutela etorkizuna eta lana konturatzea asko kosta zaiela aitortu dute Miriam eta Igone Saldias Uranga ahizpek. «Ez dakigu nolakoa izango dugun etorkizuna, espero dugu ona izatea, baina lasai sentitzen gara. Lana bilatzeaz ahaztu, eta indar guztia hemen jarriko dugu», diote. Berrobiko Soronea baserriari lotuta jarraitzeko proiektua gauzatzen ari dira. Osabak baratze ekologikoan hasitako bideari jarraitu zioten bi arrebek, eta orain ilobek hartuko diote erreleboa.


Hogeita bost urte atzera egin, eta gogoan duzue zuen osaba Iñaki Uranga noiz hasi zen baserrian baratze ekologikoan lanean?

Igone Saldias.Hiru senide dira, eta hiruretatik gehien bera aritu da baserrian. Bera oso gazte zela paper fabrikan hasi zen lanean, baina biak batera egiten zituen. Lehen Soronean esne behiak zeuden, eta ganaduari begirako ikuspegia zegoen. Beti egon da baratzea, baina auto kontsumorako zen. Bere aita hil zenean, eta bere kargu geratu zenean baserria baratzera gerturatzen hasi zen. Berak kontatzen du, amak botikak erostera bidaltzen zuenean beti burezurraren ikurra ikusten zuela x batekin, eta eragin handia egiten ziola ikurrak. Hor hasi zen ikuspegia aldatzen.

Erraza izan al zuen aldaketa?

I. S.Ez zela erraza izan kontatzen du. «Beti horrela egin dugu eta zuk erakutsiko diguzu guri» edota «zuk zer pentsatzen duzu?» bezalakoak entzun behar izan zituen. Trukoahartu arte uztetan zenbat arazo izan zituen ere kontatzen du. Botika naturalak bota ditzakezu, baina dosiekin ez baduzu asmatzen uzta galtzen duzu. Osinekin egiten zituen purina deitzen dion botikak, eta ez bazituen ondo hartzitu edo ontzen arazo pila bat izaten zituen. Garai hartan baratzea gaizki edukitzea, gainera, herriari begira, lotsagarria zen; bizi guztian itxuraz eta ondo eduki dutenean.

Ikasketak egin zituen?

I. S.Beti ibili da permakulturako edo biodinamikako ikastaroak egiten. Hasieran Bizkaiko EHNE bidez eta hemen Fraisoron aritu zen. Gero Tarragonara joan zen permakulturako ikastaroak egitera. Lehen urteetan asko mugitu zen. Behin jakituria hartuta, intuizioz egiten duzu lan, eguraldiari begiratuta edota hezetasuna kontuan hartuz. Denborarekin ikasten joan da.

Apustu berritzailea egin zuen.

I. S.Bai. Orain oso entzunda dugu edo oso ohituta gaude termino hauetara, baina garai hartan ez zen batere ohikoa. Baserriak orokorrean inoiz ez dira izan oso berritzaileak. «Beti horrela egin da» esanari eusten diote askok, eta kasu horretan bai, asko ausartu zen.

Umetatik tokatu zaizue baserrian lan egitea?

Miriam Saldias.Bai. Gure bizitzako parte izan da beti baserria. Agian beraiek nahi zutena baino gutxiago lagunduko genuen. Guri ere parke aldera joatea asko gustatzen zitzaigun, baina egun garrantzitsuetan, patata jaso behar zenean edo jende asko behar zen egun horietan beti parte hartzen genuen. Egia esan gustura ibiltzen ginen, baina gure lagunak parkean zeuden eta asko tiratzen zigun parkeak.

Familiako negozioa dela esango dugu Soronea baserria?

I. S.Bai, eta ez dendaren bueltan ikusten garenok bakarrik. Atzetik egon dira izeba-osaba guztiak, amona, koinatak... oraintxe bertan 88-90 urtera gerturatu direnak, baina denak, arratsaldero lanean aritzen dira. Horiek denen artean atera dute baserria aurrera. Soldatek ez dute denentzat eman; asko, borondatezko lana izan da. Familiako fideltasun horrek atera du baserria.

M. S.Garai horretako pertsonek uste dut denek beraien baserri bezala hartzen zutela. Beraien baserrira lanera joaten ziren soldatarik gabe. Gaur egun, pixka bat, hori falta zaigu.

Hurrengo egunean dendara eraman beharreko produktuak prestatzen zituzten?

I. S.Bai, edota azokarako. Denda ireki zen, baina ekologikoko lehenengoa zen. Hasiera ez zen erraza izan, eta produktu fresko guztia atera ahal izateko azoketara ere joaten ziren, eta hor zegoen familia guztia. Izebak eta amak lana utzi zuten; baserrira begira osaba, eta dendara begira ama eta izeba hasi ziren lanean.

Beste apustu bat, denda. Garrantzitsua izango da bitartekaririk gabe zuzeneko salmenta egitea.

I. S.Oso zaila da baserritik bakarrik hainbeste soldata ateratzea. Apustu bat izan zen gure produktuekin batera gainontzekoa jarriz familia horretatik bizitzea.

Bezeroarekin harremana izatea alde ona da?

M. S.Bai. Duela 16 urte ireki zenetik bezero askok jarraitzen dute oraindik etortzen. Harreman handia lortzen duzu, badakite nondik datorren produktua, gertukoa da, kalitatezkoa eta asko baloratzen dute.

Ikasketa aldetik, biok, beste bide bat hartu zenuten.

M. S.Nik arkitektura teknikoa ikasi dut.

I. S.Nik zuzenbidea, baina berak arkitektura ikasita, bere puntu ahula bioeraikuntza izan du, eta hortik hasi zen. Nik ere, garai hartan baserriarekin jarraitzean batere pentsatu gabe, zuzenbidea bukatu eta ingurugiro zuzenbidea ikasi nuen; gero agroekologiara jo nuen eta elikadura subiranotasunera. Eta bukatzean konturatu nintzen etxerako bidea egin nuela.

Presente izan duzue Soronea baserria, beraz.

M. S.Bai, bizitza guztian. Nik uste dut familia osoa oso harro gaudela daukagunarekin. Asko lotzen gaitu.

I. S.Beti egon gara lotuta, onerako eta txarrerako. Indar handia du.

Bizitzak bueltak ematen ditu, eta, orain, familiako negozioari helduko diozue.

I. S.Bazirudien hasierako urteetan bestelako lanak bilatzen ez genuela zorterik. Baina, egia esanda, ez gara batere saiatu gure ikasketekin lotutako lana bilatzen. Bazegoen zerbait ez nuela horretan lan egin nahi esaten zidana. Hainbeste urte ikasten pasa, eta hainbeste inbertsio egin dute gure gurasoek, oso gogorra zen hori esatea. Zaila da onartzea eta guk ere uste genuen porrot egin genuela.

M. S.Horrela izan da. Nik ere krisiari botatzen nion errua, ez zegoela lanik... Inguruko guztiek «ze pena horrelako ikasketak izanda» bezalakoak esaten zituzte. Baina, barruan banuen zerbait hori ez zela nire bidea esaten zidana. Lan ezberdin pila bat egin ditut, beti zerbait hobeagoaren bila. Etxetik kanpora zerbait aurkituko nuen esperantzarekin. Baina, ez nekien zer zen. Eta ez nuen sekula aurkitzen.

I. S.Nik urte asko daramatzat dendan lanean, eta betiko galdera izaten zen: «Dauzkazun ikasketekin oraindik amaren dendan al zaude?» Halako amorrazioa sortzen zidan horrek barruan, eta agian, dendan, gusturago nagoela pentsatzen nuen. Biok bateratsu egin genuen klik, eta esan genuen kanpoan lana bilatzeari utzi eta honetatik zerbait polita sortzen hasiko ginela. Oso ondo egin duten bide bat hasita dugu, baina egia da pixka bat pertsonalizatu behar duzula zure sentitzeko, eta hori egin dugu.

Baserria desagertzeko beldurra izan duzue.

I. S.Bai. Nik uste dut gure bertigorik handiena hori izan dela. Asko maite dugu toki hori. Osabari indarra falta zaio, eta familiakoak izan edo ez, baina behar du babes bat eta jarraipen bat dagoela ikustea. Karga hori gainetik kentzeko beharra zuen.

M. S.Guk dendari ez diogu zentzurik bilatzen baserria ez badago. Dendan saltzen dugun gehiena baserriko produktuak dira, garaikoak, beste gauza askorekin batera. Eta guk oso pozik saltzen dugu gure produktua. Eta hori galduz gero, dendak ere bere filosofiaren zati handi bat galduko luke. Lan bat egiteko beharra sentitu genuen maite ditugun bi gauzek jaraitu ahal izateko.

Eta noiz izan zen klik hori?

M. S.Orain urte bat sartu nintzen dendan, eta pixka bat lehenago hasi ginen. Osabaren esanak entzuten hasita geunden ea nork jarraituko duen baserrian, dagoeneko urte batzuk zeuzkala... Eta gu bioz aparte ez dago beste inor.

Gaztenek programara jo duzue?

I. S.Nekazaritzako bulegora joan ginen, eta ordurako osaba informazio bila joana zen. Iazko deialdirako berandu genbiltzan, eta hobe genuela proiektua lasai eta denborarekin egitea ikusi genuen. Abenduan ireki zen beste deialdia, eta urte guztia daramagu lantzen eta buruari buelta asko ematen. Zer mantendu, zer handitu, zer aldatu... Dendan eskaria handiagoa da, eskaintza baino. Guretzat hori pena bat da. Gehiago egin ahalko genuke, baina azkenen urteetan lanak gainditu gaitu. Ekologiaren barruan ere oso ezberdina da etxekoa izatea edo intentsiboagokoa edo monolaborantza batetik datorrena izatea. Hori ekidin nahi dugu, eta ahal badugu garaikoa den guztia guk sortu. Garaitik kanpo jendeak tomate ekologikoa nahi badu, beste ate batzuk joko ditugu eta tomate ekologikoa ekarriko dugu. Baina garaikoaren kasuan ea eskaera guztiari erantzutera iristen garen.

Zein izango litzateke zuen proiektua?

I. S.Ekoizpena gehitzea batetik, eta ekoizpen horretatik zati bat transformatzea izango litzateke. Produktu freskoek muga batzuk dituzte, eta banatzaile handiei saltzeak ez du konpentsatzen. Beraz, sukalde horren sorkuntzarekin ere lanean ari gara elikagaiak transformatzeko gune bat sortzeko. Marka landu, eta gertuko produktuen aukera handitu nahiko genuke.

Dendari eutsi egingo diozue?

M. S.Dendan ere lan handia egin nahi dugu. Azken produktuak izateko, gertuko produktuak ere ahalik eta gehien eskaini nahi ditugu, eta webgune bat ere egin nahi dugu onlinegure eskaintza ahalik eta jende gehiagorengana iristeko.

Eta guztia martxan jartzeko zein epe dituzue buruan?

M. S.Proiektua aurkezten dugunetik Gaztenek programaren barruan bost urte ditugu martxan jartzeko. Garbi dugu egin nahi ditugun gauza guztiak lehen urtean ezin ditugula egin. Gu ere aldaketa guztietara egokitzen joateko bost urtetan banatu ditugu asmoak. Garbi dugu bizi ere egin nahi dugula. Gu beste belaunaldi batekoak gara, eta horri garrantzia handia ematen diogu. Baserria lanpostu duin batzuekin lotu nahi dugu, eta era berean morrontza lan bat eskatzen ez duen lana izatea nahi dugu. Garaian garaiari berrikuntzarekin lotutako tokia, eta gazteak eta ikasketadunak, baina borondatez toki hori aukeratzen duten pertsonak elkartuko dituen gune bat sortu nahi dugu. Ez dugu nahi azken aukera moduan ikustea baserrian lan egitearena.

Zer ematen dizue lan honek?

I. S.Onerako eta txarrerako, baina ez dugu ikusten fitxatu behar dugun lan baten moduan. Urte zaila izan dugu proiektuarekin bueltaka, baina behin martxa hartutakoan egunerokotasun ona daukagu.

M. S.Dendan nagoenean nire etxean sentitzen naiz, eta oso lan gutxitan daukazula hori iruditzen zait. Harro gaude egin dutenaz, eta honi jarraipena ematea eta gure ekarpena egitea, bizitzako opari handi bat dugula iruditzen zait.

I. S.Agian desagertu behar du gure baserriak, baina ez dadila izan saiatu ez garelako. Hurrengo hamarkadako arazo potoloetako bat baserriaren desagertzearen ondorioa izango da.

«Basoa eta sasia herriraino iristen ari dira»

Baratzegintza osasuntsu dagoela sentitzen duzue?

I. S.Ez. Oso prezio baxuak dira, eta gure baserria dendak ordaindu du, edo soldatak dendatik atera dira. Ez da buruaskia izan baserria eta zerbait iraungarria izan behar badu, bere kisa ordainduko den toki bat izan behar du. Ekologiaren barruan oso espazio handiak dituzten baratzeak daude, eta Tolosaldean egon daitezkeen formatu txikiko baratzeetatik bizitzea ez da batere erraza; salmenta puntuak ez badituzu landuta edo lan pila bat ez baduzu egiten atzetik. Baserritar batek jakin behar du saltzen, marketina egiten, publizitatea ematen, baratzea ondo kudeatzen, arlo ekonomiko-administratiboa... Paperetan bakarrik buruhauste pila bat du. Baserritar batek enpresa batek beste jakin behar du bere produktua aurrera ateratzeko. Aldatzen dena da, hemen guztia pertsona batek egin behar duela.

Baloratzen da baserritarren lana?

M. S.Nik uste dut ezetz. Prezio batzuk dagoeneko jarrita daude, eta buruan sartu zaigu letxuga edo uraza batek euro bat baino gehiago balio badu, garestia dela, adibidez. Ez da begiratzen kalitatez nolakoa den, handiagoa den edo nondik datorren. Garestia da, beraz, ez dut erosten. Barazkiekin oso gogorrak gara prezio aldetik, eta ez dugu baloratzen bertakoa izatea.

Orokorrean bazterrean dagoela uste duzue lehen sektorea?

I. S.Orain aldatzen ari dela esango nuke gazteen aldetik. Orain arte, bai. Baserritarrak berak ere konplexu asko sentitu du.

M. S.Guk ere sentitu dugu horrekin ez genuela jarraitu behar, edo ez dela jarraitzeko bidea. Guk ere gure familiako proiektua baztertu dugu. Azken urte hauetan hori egon da gizartean.

I. S.Ezjakinak bezala. Nik beti esaten dut, guk ikasketa hauek edukitzen bukatu dugu, baserrira bueltatzean harro esateko tituluak baditugula, nahiz eta, baserritarrak izan. Ez da lehen moduan baserrian bukatzen zela beste biderik ez zenuelako. Gaur egun hirietatik dator aldaketa. Baserriekin lotura duten herrietako askok ez dute segitu nahi eta hiriko jende asko, konturatu denean fabriketan baldintzak edo zoriontasuna okerragoak direla, baserria nahi dute. Eta arazoa hor dago. Lurrak dituenak eta baserria dohain duenak ez du jarraitu nahi, eta ez duenak ezer jarraituko luke, baina nola erosi lurrak eta baserri bat? Oraintxe bertan egoera hau da.

Gazteneken laguntza izango duzue. Instituzioek behar beste egiten dute sektoreagatik?

I. S.Ez. Batere ez. Diru asko eskaini zaie industriari eta eraikuntzari. Nekazaritzarako egokienak izango liratekeen lurrak urbanizatuta daude. Ezinezkoa da nekazaritza potentzia bat edukitzea aldapatsuak diren lurretan. Gaztenek programak laguntzen du, baina sinbolikoa da Gaztenekek eman dezakeen laguntza, edo lehen sektoreari ematen zaion dirua, beste sektoreek eramaten dutenarekin konparatzen badugu.

M. S.Gaztenek 40 urtetik beherakoei zuzendutako laguntza da, eta sartzeko laguntzen du. Gero ea zenbat laguntzen diguten.

Gizarteari esan egin behar zaio ingurunea baserritarrek mantentzen dutela.

M. S.Mendia edo inguruak zaintzearekin harremana erabat hautsita daukagu. Gure lan orduetan gure ingurua zaintzea tokatzen zaigu, eta pena bat da baserritarrak bakarrik arduratzea horretaz, denok disfrutatzen dugunean mendi, baso, zelai eta bideez. Kontzientzia hori berriz itzuli beharko litzateke, eta guztion artean egin, errazagoa da-eta. Baserritarrak gero eta helduagoak dira, gero eta gutxiago bizi dira baserrietan, eta osabak esaten duen moduan basoa eta sasia herriraino iristen ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!