Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Eguzki panelak jarriko ditugu udal eraikinetan"

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 17a, 10:30

Udal hauteskundeetan PSE-EEko hautagaitza izan zen herrian aurkeztutako bakarra; 30 botorekin eserleku guztiak eskuratu zituen.

Ezustean iritsi da Berrobiko alkate izatera David de Miguel (Iruñea, 1993). Hala ere, herriaren alde gauzak egiteko gogoz dagoela esan du.

Zer moduzkoak izan dira lehen hilabeteak alkatetzan?

Lehen hilabeteak bereziki herria ezagutzen pasa ditut. Izan ere, gure egoera paradigmatikoa izan da, ezustean harrapatu baikaitu. Beraz, herriak nola funtzionatzen duen ikusten aritu gara, eta herritarren eskariak entzuten.

Hasi eta jarraian herriko jaiak izan dituzue.

Ekain amaieran sartu ginen udalean, eta lehen egitekoa festak antolatzea zen. Festa batzordearekin batera festak antolatzeko pausoak eman genituen eta uste dut, festa ederrak atera direla.

Herritarrekin harremanetan jartzeko baliagarriak izan dira?

Bai herritarrekin eta baita herriko eragile ezberdinekin ere; Guraso elkartearekin, jubilatuekin eta Ibin Kirol Klubarekin harremana izan dugu.

Zer dela eta aurkeztu zinen PSE-EEko zerrendetan?

Hamasei urte nituenetik Euskadiko Ezkerraren Gazteak mugimenduan ibili izan naiz eta ondoren, PSE-EEn afiliatu nintzen. Gipuzkoan, ia herri guztietan aurkeztu ditugu zerrendak, eta ni alderdiaren zerbitzura jarri nintzen eta Berrobiko zerrendetan joatea egokitu zitzaidan.

Ez zinen zerrendako lehena eta zuri egokitu zaizu alkate izatea. Nolatan?

Zerrendak, askotan, presaka egiten dira eta hori ez da posible. Egun, zerrendak eguneratzen eta egokitzen ari gara. Azken batean, Berrobi bezalako herrietarako egiten diren zerrendak zinegotzi bat edo ateratzeko osatzen dira. Zerrendetan joaten diren askok, ez dute zinegotzi kargua hartzeko nahirik. Gure kasuan, ordea, zerrenda osoa sartu da udalera, eta taldea berrantolatzen ari gara.

Kanpainan, herritar batzuek boto zuria eskatu zuten. Zer harreman duzu herritarrekin?

Naturaltasunez aritu gara. Ez dut aurka etorri zaidan inor topatu. Hartu-emana izan dudan jendearekin ez dut inolako arazorik izan. Herritarrek Berrobik funtzionatu dezan nahi dute eta ni horretarako nago, nire asmoa ez da herria geldiaraztea. Aurretik martxan zeuden proiektuekin jarraitu nahi dut, eta herritarren parte hartzearekin proiektu berriak landu nahi ditut.

Aurreko udal taldearekin harremana izan duzue ?

Bai, askotan elkartu gara. Asko lagundu gaituzte eta gustura gaude egindako erreleboarekin. Udal funtzionamenduaren berri eman digute eta martxan zituzten proiektuak ere azaldu dizkigute.

Zein proiektu landu nahi dituzue agintaldi honetan?

Herriarentzat onuragarriak izan daitezkeen proiektu batzuk identifikatu ditut. Adibidez, erreka ertzean dagoen paseo horretan, aisialdirako edo bainu bat hartzeko gune bat ezartzea egoki ikusten dugu. Aztertzen ari gara egingarria ote den. Baimenak eta eskuratzea posible ote den begiratzen ari gara. Beste gai bat ere identifikatu dugu: Ibarra eta Berrobi arteko lotura seguruago bat ezartzea, oinezkoei eta txirrindulariei begira. Errepidea oso estua da eta bihurgune asko dituena. Aztertzen ari gara seguruagoa izateko hobekuntzarik egin ote daitekeen. Diru asko da, ordea, eta aldundiak esku hartu beharko luke.

Baduzue beste proiekturik?

Aurreko agintaldian hasi ziren eskolan eguzki panelak jartzeko proiektuarekin. Horrekin jarraitzea da asmoa eta udal eraikin guztietan jarri nahiko nituzke, zentzu guztietan jasangarriagoa delako eta, bereziki, energia kontsumoa murrizteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!