Berrobira krosa izango da bihar

Ataria 2019ko ira. 20a, 15:59

Pasa den urteko sari banaketa.

Gaztetxoentzat adinaren araberako lau itzuli izango dira, eta 14 urtetik gorakoek 7,5 kilometro egin beharko dituzte.

Ibin Kirol Klubak antolatuta, eta Berrobiko Udalak babestuta, XVII. Berrobira Herri Krosa egingo dute bihar. Gaztetxoei zuzendutako lasterketa eta helduei zuzendutakoa prestatu dituzte antolatzaileek. Haurrei dagokienez, 16:00etan hasiko dira aurrebenjaminak eta eskolari itzuli bat emango diote. Ondoren, benjaminek bi itzuli eman beharko dizkiote, alebinek gero, ermitatik itzuli bat emango dute, eta, azkenik, infantil mailakoek ermitatik bi itzuli egingo dituzte. Helduak, hau da, 14 urtetik gorakoak, 17:00etan hasiko dira, eta bost itzuli eman beharko dizkiote 1,5 kilometroko zirkuituari, 7,5 kilometro osatuz.

Parte hartu nahi duten 14 urtetik beherakoek, bihar 15:30etik aurrera izango dute izena emateko aukera. Helduek, berriz, herrikrosa.com atarian egin ahalko dute, lasterketa egunaren aurretik, 8 euro ordainduta, edo, bestela, lasterketa egunean bertan ere egin dezakete, 10 euroren truke.

Sariei dagokienez, helduen kategorian, lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak, eta baita herriko lehen emakumezko eta gizonezkoak ere. Horrekin batera, probaren amaieran, bertako produktuak zozkatuko diuzte parte-hartzaile guztien artean. Gaztetxoen kasuan, kategoria bakoitzeko lehen emakume eta gizonezkoek jasoko dute saria, eta parte hartzaile guztientzat domina banatuko dute.

17 urte hauetan lasterketa aurrera eramateko jasotako laguntza eskertu dute Ibin elkartetik, «Berrobiko Udalarena, eta baita urtero ditugun babesleena ere». Era berean, boluntarioen lana ere «beharrezkoa» dela gehitu dute, eta pozik daude aurtengoarekin: «Lasterketan hainbat zereginetan laguntzeko beharra izaten da, eta aurten lan talde polita sortu dute antolakuntzarako».

Pasa den urteko lasterketan, helduen kategorian, 58 atletak eman zuten izena, eta horietatik 12 emakumezkoak izan ziren. 14 urtetik beherakoen kasuan, 49 lasterkari izan ziren. Ibin elkartetik azaldu dutenez, «urte osoan herrian barrena lasterka eginez topera entrenatzen duten herritarrak badira, baina, bereziki azken aste hauetan, nabari da jende gehiago, lasterketarako prestatzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!