Abuztuaren 28an iritsiko dira berrobitarrak urte osoan zain egon diren egunak. Orduan hasiko dira San Agustin festak eta irailaren 1era arte luzatuko dira.
Ibin kirol elkartearen eskutik lehertuko da festa, beraiek izango baitira txupinazoa botatzearen arduradunak. Festak lasai hasiko dituzte Gorriti eta bere animaliekin, sagardo dastaketarekin eta Izer eta Alabierrekin.
Hurrengo egunean, martxa hartzen joango dira. Erretirodunek hartuko dute protagonismoa eta meza, bazkaria eta dantzaldia izango dituzte. Ondoren, haurrei pasako diete lekukoa eta herri guztia jolasean jarri ostean, merienda nahiz apar festa edukiko dituzte. Festen antolatzaileek bainujantzia eramateko gomendioa egin dute. Aparretan blai ibili eta gero, herritarrak nahiz Anoetako Anitz taldekoak dantzan jarriko dira.
Ondo deskantsatuta, arratsaldean ekingo diote festari ostiralean. Buruhandi eta erraldoien aurretik korrika ariko dira txikienak eta Iriarte jatetxearen eskutik ederki afalduko dute eskolako estalpean. 00:30ean Mariatxi doinuek hartuko dute Berrobi eta ondoren, DJ Josu musika jarriko du parranda gogoz dagoenarentzat.
Batzuk aurreko eguneko ajea pasatzen egongo diren arren, festa egun bete-betea izango da larunbata. Haurrek zaldi gainean paseoan eta ur jolasetan igaroko dute goiza. Eguerdi aldera, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsotan ariko dira herrian barrena. Jarraian, bazkaltzeko bi aukera egongo dira. Alde batetik, paella lehiaketa eta kuadrillen arteko bazkaria egingo dituzte, eta beste aldetik, Bide Ona elkartean bertso bazkaria antolatu dute. Arratsaldean, Berrobi eta Elduain nor baino nor gehiago arituko dira herri kiroletan. Bezperan parranda gosez geratu zenak aukera bikaina izango du larunbatean ere, McOnak eta Muxutruk taldeek kontzertuak emango baitituzte.
San Agustin jaien azken egunean ere ez da aspertzeko betarik egongo. Umeek rokodromoa eta arku tiraketa probatuko dituzte frontoian eta kar zirkuitua edukiko dute eskolako estalpean. Batzuk jolasean ari diren bitartean, besteek pilotaz gozatuko dute. Hiru partida izango dira ikusgai. Alde batetik, herriko gaztetxoek jokatuko dituztenak. Bestetik, Otaegi eta Arteaga, Aramendi eta Mendiluzeren aurka arituko dira. Azkenik, Urbieta I eta Urbieta II, Zubiria eta Telletxearen kontra lehiatuko dira. Eguna dantzan amaituko dute Petti kantautorearen emanaldiarekin eta Malkogarriyak taldearen erromeriarekin. Zahagi ardoa izango da festetako azken ekitaldia. Mahaiak eta aulkiak bertan egongo dira eta norberak eraman beharko du bere afaria.
EGITARAUA
ABUZTUAK 28, ASTEAZKENA
10:30. Txupinazoa Ibin Kirol Klubaren eskutik.
11:00. Meza.
12:00. Gorriti eta bere animaliak.
18:00. Sagardo probaketa, Izer eta Alabier trikitilariek lagunduta.
22:00. Trikipoteoa, Izer eta Alabierrekin.
ABUZTUAK 29, OSTEGUNA
09:00. Erroizpera mendi irteera.
12:30. Erretirodunen aldeko meza.
Ondoren. Toka txapelketa.
Jarraian. Erretirodunen bazkaria eta dantzaldia.
17:00. Herritar guztientzat jolasak.
17:30. Haur eta gaztetxoentzako merienda.
19:00. Apar festa.
22:30. Dantza emanaldia, herriko dantzarien eta Anoetako Anitz taldearen eskutik.
ABUZTUAK 30, OSTIRALA
18:45. Buruhandiak eta erraldoiak.
20:30. Herri afaria eskolako estalpean, Iriarte jatetxearen eskutik.
00:30. Puro Relajo: Mariatxi doinuak eta abestiak.
Ondoren. DJ Josu.
ABUZTUAK 31, LARUNBATA
11:00. Zaldi paseoak, beheko bideetan.
11:30. Ur jolasak.
13:00. Herrian zehar bertsotan arituko dira Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso.
14:00. Paella lehiaketa eta kuadrillen arteko bazkaria. Sagardoa, ardoa eta ura doan. Bitartean. Bide ona elkartean bertso bazkaria, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizasorekin.
18:00. Herri kirolak: Berrobi eta Elduainen arteko desafioa.
23:00. McOnak taldearen folc-rock kontzertua.
Ondoren. Muxutruk taldearekin erromeria.
IRAILAK 1, IGANDEA
11:00. Meza.
11:00. Arku tiraketa eta rokodromoa frontoian. Kart zirkuitua eskolako estalpean.
12:00. Pilota partidak: Herriko gaztetxoen arteko partidak, Otaegi-Arteaga / Aramendi-Mendiluze eta
Urbieta I-Ubieta II /Zubiria-Telletxea.
18:00. Petti kantautorearen emanaldia.
Jarraian. Malkogarriyak taldearen erromeria.
21:00. Zahagi ardoa. Bakoitzak bere afaria eraman beharko du.