Gaixotasun profesionala aitortu diote Uranga paper fabrikan aritutako langile bati

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 6a, 18:00

Josefa Ibarbia tolosarrak Berrobiko paper fabrikan egin zuen lan 1955 eta 1963 urteen artean; Amiantoarekin harremanetan lan egiteak gaixotasuna eragin diola ebatzi du Osalanek, eta orain gizarte segurantzak, ezintasun osoa aitortu eta pentsioa igo dio.

Jatorriz berastegiarra da Josefa Ibarbia eta gaur egun Tolosan bizi da. Duela 50 urte baino gehiago, 14 urte zituela hasi zen lanean Berrobiko paper fabrikan. Han paperari trinkotasuna emateko botatzen zizkioten talko hautsetan amiantoaren zuntzak egon zitezkeela ebatzi du Osalanek txosten batean. Aintzat hartu du Gipuzkoako gizarte segurantzak eta onartu du Ibarbiak duen pleurako mesotelioma, gaixotasun profesionala dela.

Ibarbiak hamaika hilabetez egon behar izan du zain gizarte segurantzak onartu dezan amiantorekiko esposizioan dagoela bere gaixotasunaren jatorria. Orain, 78 urte dituela, ezintasun osoa aitortu diote eta pentsioa hobetu. 2.405 eurora igo diote, lehen erretiroagatik eta alargun izategatik 1.000 eurokoa zuen saria.

Asviamie, Euskadiko amiantoaren biktimen elkarteak lagundu du Ibarbia prozesu osoan eta emaitzagatik kontentu agertu arren, bidean gainditu beharreko oztopoen berri eman du Jesus Uzkudun elkarteko kideak: "Osakidetzak ez du legea betetzen, eta gaixotasun baten jatorria lantokian dagoenaren susmoa daukanean, susmo hori komunikatzeko betebeharra ez du gauzatzen".

Gizarte segurantzak espedientea ebazteko 11 hilabete behar izatea, ez dela gizalegezkoa uste du Uzkudunek, "gaixo dagoen pertsonari errekonozimenduak zenbat lagundu diezaioken jakinda gainera". Bide batez, "eskandalagarria" iruditzen zaio gaixotasuna duen pertsonak frogatu behar izatea esposizioa, "enpresak urteak eman dituztenean segurtasun eta higiene legediak bete gabe".

Asviamie elkarteak beren lantokian amiantoarekin harremana izan zuten langileen zerrendan izen ematearen garrantzia azpimarratu du. "Horrek osasun ikuskaritza zehatza ahalbidetuko du eta gaixotasunen aurretiazko detekzioa. Ibarbiaren bi ahizpa ere sartu dituzte zerrenda horretan, Uranga paper fabrikan lanean aritu zirelako". Amiantoaren biktimen elkartearen kalkuluen arabera, 80ko hamarkadatik aurrera, gutxienez 25.000 langile egon dira amiantoarekin harremanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Kontuan hartuta, amiantoa arnasten denetik gaitza agertzen den arte, 30 edo 40 urte igaro daitezkeela, 2025. urte inguruan espero dira kasurik gehienak. Okerrena iristear dago eta erakundeek konpromiso sakonago bat agertu beharko dute kontu honekin. Arazo larria da".

Gizarte segurantzak ezintasuna aitortu dio Ibarbiari eta pentsioa hobetu; orain, eragin dioten guztiagatik, epaitegietan kalte-ordaina eskatu edo ez erabaki beharko du tolosarrak. Uranga paper fabrikan egin zuen lan Ibarbiak eta gerora Sarrio enpresak erosi zuen lantegia. "Gure ustez, erosleak bere gain hartu behar ditu erantzukizun guztiak", esan du Uzkudunek. "Gu, familiek horrela nahi badute, azkeneko muturreraino iristeko prest gaude". Hala ere, epaitegietatik pasa gabe, amiantoaren biktimak ekonomikoki laguntzeko funts ekonomiko bat sortzeko proposamena egina du Asviamiek, estatu mailan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!