Beti izan da nekazal eremukoa Iñaki Garcia Mapi, baina 2011n hartu zituen Berrobin dituen lurrak. Duela hiru urte txingor zaparrada izugarri bat erori zen negutegiaren gainean, eta guztia puskatu eta kanpoan zeuden barazkiak ere hondatu egin ziren. «Seinaleak interpretatzen jakin genuen eta hortik aurrera aldatu egin ginen, gauzak beste kontzientzia batekin egiten hasiz».
Eta egindako lanak eman du bere fruitua. Gaur egun, Barazki Bizidunaken bereizgarri nagusia da barazkiak ez dituztela hozkailuan sartzen. «Tomateak eguzkia behar du eta naturaren aurkakoa da tomate hori hotzetan sartzea», azaldu du Mapik. Gainera, produktu bat hozkailuan sartuz gero, bere estruktura molekularra ere aldatu egiten da. Azkenean, zaporea eta testura aldatzen da eta naturala izateari uzten dio. «Guretzat ekologikoa hori da, hau da, naturala izatea», gaineratu du Mapik. Arauek esaten dute ekologikoa izateko zer behar den, baina haratago doaz Barazki Bizidunaken eta filosofia bat ere erabiltzen dute, hau da, naturarekin bat datorren bizi bat egiten dute.
Bertako produktuak dira Barazki Bizidunak eta hori nabari zaiela dio Mapik: «Gertuko produktuek usain, testura, zapore hobea dute, helduta daudenean jasotzen direlako». Kanpotik datozen produktuak, berriz, berde daudela jasotzen dira eta gas bat sartzen zaie, gorritu daitezen.
Barazki Bizidunak erosten dituen jendea kontzientziatuta dago elikadura osasuntsuak duen garrantziaz.
«Guk azaltzen dugu produktu hauek nola egiten diren, jendeak ulertu dezan kostatu egiten dela». Gainera, erosleak prezioari begira daudenean, agian, ez diote osasunari begiratzen. Tolosan jartzen du postua Mapik larunbatetan, eta, bestela, handizkariei saltzen die.
Egia esatea, komunikatzeko gaitasuna eta kalitate handiko produktuak dira Mapiren bereizgarri nagusiak. «Nik ez daukat inolako arazorik egia esateko eta letxuga bat negutegikoa bada hori jakinarazteko». Kalitateari dagokionez, barazkiak ekologikoak izateaz gain, heltze maila egokian jasotakoak dira, beraien zapore, usain, testura eta nutrizio balio guztiekin. Beraz, Kalitatez jateko aukera ezin hobea da Barazki Bizidunak.
BARAZKI BIZIDUNAK
Helbidea. TEILERI BASERRIA, BERROBI.
Telefono zenbakia. 687 87 89 36.
E-maila. barazkibizidunak@live.com
Webgunea. www.qrekoizleak.com/a13barazki.html
Sare sozialak.
Facebook: Barazki Bizidunak