«Motibaziorik gabe ohetik ere ez ginateke jaikiko»

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 15a, 19:58

Berrobiko Kulturaldiaren barnean, 'Nola motibatu seme-alabak ikasketetan?' hitzaldia eskainiko du Idoia Apaolaza psikopedagogoak, bihar, 17:30ean, udaleko ekitaldi areto nagusian.

Ikasketak ardatz hartuta, ikasleen motibazioaz arituko da Idoia Apaolaza psikopedagogoa (Ikaztegieta, 1980). Ikasleak motibatzeko gakoak emateaz gain, gurasoek dituzten kezka eta beldurrak arintzen saiatuko da, mezu positiboak bilatuz.

Zer jakinda aterako da hitzaldi horretara joaten denak?

Ikasketak izango dira hitzaldiaren ardatz nagusia; hori izaten da kezka nagusiena familia eta gurasoentzat. Mezu positiboak ematea gustatzen zait, zerbait eraikitzailea izatea. Hitzaldi hasieran teoria eskaintzen dut, baina gero gurasoen kezketara gerturatzea gustatzen zait. Amaierarako jasota izaten ditut gurasook izaten ditugun kezkak eta horiek aipatzen ditut, denon kezkak antzekoak baitira askotan. Irtenbide edo pauta batzuk ematen ditut, etxera joatean martxan jar ditzaten.

Motibazioari buruz jardungo zara. Beharrezkoa da ikasketetarako?

Bai, motibaziorik gabe, ez dago ikasketarik. Azken finean, motibazioa egunero guztiok behar dugun zerbait da, helduok ere behar dugu. Motibaziorik gabe ohetik ere ez ginateke jaikiko. Zer esanik ez haurrak edo ikasleak, zeinetan ikastolara joaten diren joan beharra daukatelako, eta gainera, erakusten zaien hori ez zaie gustatzen. Hor, berez, motibaziorik ez da egoten, eta gurasoentzat sekulako lana izaten da beraiei jabetu araztea zein garrantzitsua den ikastea, ardurak hartzea, azken batean, biharko egunerako ikasketa batzuk eduki ahal izateko.

Zein dira motibatzeko gakoak?

Motibazioa txikitatik lantzen den gauza bat izaten da. Egia esan, ikasle batzuk motibatuago egoten dira, eta esaten dute gainera gustura joaten direla ikastolara. Horiekin lana errazagoa da. Kezka sortzen da, ordea, motibaziorik ez duten ikasleekin. Hori gainditzeko, oso garrantzitsua da irakasleekin harremana edukitzea eta harreman hori ahalik eta onena izatea. Bestetik, haurrei galdetu egin behar zaie ea zer egin duten eskolan. Askotan, ez dute askorik kontatzen, baina galdetzen joatea ona da. Handitzen doazen heinean garrantzitsua da haurraren antolamenduaren berri izatea: noiz dituen azterketak, noiz ikasten hasi, zer ikasi behar duen jakin.

Bereziki, etxetik hasi behar da eragiten?

Bai, izan ere ikasleek ikusten badute gurasoentzat ikasketak garrantzitsuak direla, beraientzat ere garrantzitsuak izango dira.

Beste zein faktorek eragiten dute?

Faktore garrantzitsu bat adina izaten da. LHko haurrentzat, adibidez, metodologia aldetik talde kooperatiboetan eta lan egiten bada, atseginagoa izaten da. Baina DBH edo batxilergoan, azterketak eta selektibitatea hor dituztenean, presioa ere handiagoa izaten da. Eskakizuna dagoen momentutik, motibazioa ere zailagoa izaten da.

Nori zuzendutako hitzaldia da?

Gehienbat gurasoei zuzenduta dago. Baina irakasle bezala ere interesgarria izan daiteke jakitea gurasooi zerk kezkatzen eta beldurtzen gaituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!