«Everestek hezurmamitu zuen garaiko askatasun egarria»

Iñigo Terradillos 2019ko urt. 3a, 08:00

Everest: Herri oso bat gailurrean komiki liburuaren testuak egin ditu berrobitarrak; euskaldunentzat «balio sinboliko handia» izan zuen gertaera komikian kontatzea esperientzia «polita» izan dela dio.

1980ko maiatzaren 14an egin zuten Everest mendiko gailurra Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak. Euskal mendizaletasunaren historian mugarri izan zen igoera aintzat hartuta egin dute Ramon Olasagasti kazetari eta idazle berrobitarrak eta Cesar Llaguno ilustratzaileak Everest: Herri oso bat gailurrean komiki liburua.

Askok eta askok gogoan izango duten unea da Everest igo zutenekoa, ezta?
Zenbait belaunaldirengan iltzatutako unea da, eta oso presente izango dute. Hori nire aurreko belaunaldikoengan, guri ume ginela harrapatu baitzigun. Dena den, igoera hartako arrastoak iritsi zitzaizkigun. Gure ondorengoei, 40 urtetik behera dituztenei, berriz, oihartzun lauso bat iritsi zaie. Nik uste dut komikiak balio dezakeela hura bizi izan zutenengan zirrara hori biziberritzeko, arrastoa iritsi zitzaigunoi hori sakontzeko, eta oihartzuna besterik iritsi ez zitzaienei igoera hura zer izan zen jakinarazteko.

Espedizio hartako kideek igo zuten, baina, herri oso batek sentitu zuela esan daiteke.
Everest igotzeko proiektua aspalditik zetorren. 80an egin zuten tontorra, baina, Himalaiako ametsekin lehenagotik hasi ziren euskal mendizaleak. 67an Andeetara espedizio bat egin zuten gero Everesteko taldean izan ziren hainbat mendizalek. Horren ondoren hasi ziren Himalaiara begira. Artean Franco bizi zen, garai politiko eta soziala halakoa zen, eta Everestek balio sinboliko izugarria izan zuen. Herri oso bat zegoen nolabait amets horretara igota. Martin Zabaletak berak tontorra egitean lehen hitzak «Gora Euskadi Askatuta» izan ziren. Askatasun egarria oso indartsua zen, eta Everestek hori guztia hezurmamitu zuen.

Igoera bera ere ez zen erraza izan.
Inondik inora. Everest igotzea beti izango da zaila, muturreko altuera baita, eta lehen, are eta zailagoa. Bi ahalegin egin zituzten Martin Zabaletaren aurretik. 74ean 8.400 metrora iritsi ziren ia, Angel Vallejo Rosen eta Felipe Uriarte. Haize bortitzagatik buelta eman beharra izan zuten. 80an ere beste bi saiakera izan ziren Zabaletarenaren aurretik. Rosen bera tartean zela, Ricardo Gallardo, Xabier Garaio eta Temba sherpak egin zuten lehena. Hego gailurreraino iritsi ziren lehen horretan, 8.750 metrora. Berandutu egin zitzaien eta itzuli egin beharra izan zuten. Bigarrenean, ezin izan zuten hego lepotik atera eguraldiagatik eta sherpetako batek buruko edema bat izan zuelako. Etsipen giroa nagusitu zen mendizaleen artean, eta presioa ere areagotu egin zen. Hirugarren saiakeran azkenean posible izan zen. Baina, hori ere ez zen igoera samurra izan.

Nolakoa izan zen?
Arratsaldeko hirurak aldera iritsi ziren tontorrera. Tontorrean 45 minutu inguru egin zituzten argazkiak ateratzen eta bideoak egiten, eta konturatzerako elurra egiten hasi zen. Beherakoan Temba sherpak eroriko pare bat izan zituen eta Zabaletak eutsi ahal izan zuen sokarekin. Oxigenoa bukatzen ari zitzaien, gaua gainera etortzen ari zen. Zabaletari argia piztu zitzaion eta gogoratu zen igoeran gailurraren azpian arrakala bat ikusi zutela. Hor gaua pasatzea iruditu zitzaion egokiena. Beherakoei 8.750 metroan geratzen zirela jakinarazi zietenean sekulako kolpea izan zen. Gaua altuera horretan ezingo zutela iraun pentsatu zuten, baina, hurrengo goizean zorionez, indarrak ahituta izan arren, behekoen animoekin eta sherpen laguntzarekin lortu egin zuten. Gailurreko pozak zorigaitz bihurtzeko tartean egon ziren.

Erreferente bilakatu ziren mendizale horiek.
Esan daiteke gerora Himalaiako hainbat espediziotan igoera dotoreak egin zituen belaunaldiaren urratsak finkatu zituztela.

Mendiari buruzko lan asko egindakoak zara, baina komiki liburu bat idaztea erronka izan da zuretzat.
Bai, inoiz egin gabe nuelako. Ikasketa prozesu bat izan da hasieratik bukaerara. Bidelagun izan ditugu Sua argitaletxekoak eta Mendi Filmekoak.

Ideia, hain justu Mendi Filmetik etorri zen.
Jabi Baraiazarra Mendi film jaialdiko zuzendariak, Poloniako adibidea jarraituz, euskal mendizaletasunaren historian mugarri bat edo batzuei buruz komiki liburu bat egitea zuen buruan. Gidoia egitea proposatu zidan, eta 80ko igoeran oinarritzea erabaki genuen.

Esperientzia polita izan al da?
Bai. Oso polita da. Kasu honetan, irudiaren euskarria hartu behar duzu kontuan. Irudiak hitzik gabe asko adierazten du. Uztarketa polita da. Testuarekin hasi nintzenean oso narratiboa egin nuen, kazetaritza erregistro handikoa. Gerora sakontzen joan naiz komikiaren erregistroan.

Benetako pertsonaietan eta istorioan oinarritua izateak erraztu egiten al du lana?
Erraztu egin dezake, gertaeraren oinarri sendo bat badugulako. Cesar Llaguno ilustratzailearentzat pertsonak eta pertsonaiak uztartzea erronka izan da. Pertsona errealak marraztearekin kezka puntu bat bazuen. Ondo hartu dute lana, eta polita izan da Felipe Uriarte espedizio hartako kide izandakoak esan zuena: eroso sentitzen duela bere burua komikiko pertsonaian eta uste duela ondo biziko direla hurrengo urteetan ere biñeta horietan. Garrantzitsua da hori guretzat.

Uriarte beraren espedizioari buruzko liburua hartu duzue kontuan. Zer gehiago?
Bizkarrezurra Feliperen liburua izan da. Beraiekin elkarrizketak ere egin ditugu. Gauza batzuk oso markatuta dituzte, baina, oroitzapenak lausotuta dituzte, eta geroztik espedizioko kide asko hil dira. Antxon Iturrizaren euskal mendizaletasunaren historiari buruzko liburutik ere jaso dugu informazioa eta baita garaiko hemerotekatik ere.

Joandakoak gogoan izateko omenaldi moduan ere aurkeztu duzue.
Bai, eta saiatu gara falta diren horiei guztiei keinu txiki bat egiten, biñeta txikien bitartez.

Erakusketa bat ere bada liburuaren lana erakusten duena.
Bidean sortu da ideia. Llaguno irudiak egiten joan zen heinean ikusi genuen prozesua erakustea polita izan zitekeela. Panel luze batean komikia osotasunean erakusten da, biñetaz biñeta. Beste sei paneletan prozesua ikusten da hasierakotik azken bertsiora. Eta beste batean igoeraren ingurukoak kontatzen dira, eta baita Euskal Herrian izan zuen oihartzuna ere. Bilboko Euskal Museoan dago urtarrila bukaerara arte, eta ea Tolosara jaialdia etortzen denean bertan jartzeko aukera dagoen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!