Aisialdi plana prestatu dute Gabonetarako, Berrobin

Ataria 2018ko abenduaren 26a

2016ko errege desfilea, Berrobin

Gabonetarako aisialdi plan berezia prestatu dute berrobitarrek. Adin guztietako jendearentzat egitarau oparoa egin dute.

Opor hauek herrian aprobetxatu nahi dituenak, badu aukera Berrobin. Ia egunero dute zerbait egiteko, izan kirola, tailerra edota jolasa. Gaur goizean, haurrentzako jolasak egin dituzte ingelesez.

Bihar, berriz, 18:00etan hasita, belaunaldien arteko Laister chef tailerra antolatu dute Bide-Ona elkartean. Aiton-amonek plater goxoak prestatzen erakutsiko dizkiete gaztetxo eta haurrei. Jarraian, afari-merienda egingo dute prestatutakoekin.

Ostiral arratsaldean, patinaje ikastaroa izango da eskolako estalpean, 18:30ean. 18:30ean 4 eta 8 urte bitartekoak arituko dira, eta 9 urtetik gorakoek 19:30ean izango dute zita.

Urtea amaitzeko, berriz, bizikleta itzulia egingo dute Baliarraingo Ibiur urtegira. 24 kilometroko ibilbidea osatuko dute 9:00etan hasita. Bitartean, txikienek psiko-saltoa izango dute: jauzika jolastea, akrosport, zapi zuria, hitz debekatua eta telefonoaren jolasa egingo dituzte.

2019. urtea behar bezala hasteko, Uzturrera egingo dute ibilaldia 9:00etan, eta ondoren, hamaiketakoa izango dute. Urtarrilaren 2an, berriz, margotzea, papiroflexia eta buztinarekin eskulanak egitea aurreikusi dute.

Hurrengo egunean, 2an, Iruñeako Salting parkera egingo dute bidaia. 14:00etan abiatuko dira Berrobitik, eta 5 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak. Azkenik, urtarrilaren 4erako, karting-eko kotxeak, pedalezkoak eta gasolinazkoak, ekarriko dituzte.

Azkenik, urtarrilaren 5ean, Errege magoen desfilea izango dute. 16:00etan elkartuko dira Begi-Urdin Gaztegunean ohiko bilketa egiteko. 18:00etan paje laguntzaileek indar-berritzeko askaria egingo dute, eta 19:00etan iritsiko dira Errege magoak herriko plazara. Opari banaketa eta zozketak egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!